Oriamendi enpresak iazko lehiaketa sistema errepikatuko du binakako Orona erremonte txapelketan. Sei bikotek jokatuko dute, eta lehen fasean ligaxka bidez eginen da. Denek denen aurka jokatuko dute eta eginiko tantoen arabera banatuko dira puntuak.
Irabaziz gero, lau puntu lortuko dituzte; 36 eta 39 tanto artean eginez gero, bi, eta 32 eta 35 artean bat. «Erregulartasuna saritzeko sistema da», azaldu zuen urriaren 23ko aurkezpenean, Jose Mari Barrenetxea Oriamendiko ordezkariak. Lehen lau sailkatuak pasatuko dira finalerdietara, eta kanporaketa bakoitzean bi partida lehenbizi irabazten dituzten bi bikoteak sailkatuko dira abenduaren 21eko finalerako.
Berritasun nagusia Munduko Pilota Batzarraren lankidetza da, lehen aldiz babestuko baitu erremonte lehiaketa bat. Parte hartzaileei dagokienez, hutsune handi bat dago: Patxi Zeberio. Besoko arazoen erruz uko egin zion buruz burukoari eta oraindik ez da sendatu. Elduaingoa zazpi aldiz izan da txapeldun. Koteto Ezkurra, aldiz, bai, egonen da, garaiz sendatu baititu izterreko arazoak, Agirrezabalagarekin jokatu ahal izateko. Bertze bortz bikoteak hauek dira: Urriza-Endika (atzelari ariko da), Juaristi-Barrenetxea IV.a, Etxeberria IV.a-Etxeberria III.a, Uterga-Ion eta Etxabe II.a-San Miguel. Bikote guztietan binakako txapeldun ohi bat dago, eta hiru pilotarik debuta eginen dute txapelketa nagusian: Endika saldiastarrak (23 urte), Etxabe II.a (24 urte) eta Etxeberria IV.a (25 urte).
Urriaren 26an lehen partida
Txapelketa larunbatean abiatuko da, Urriza eta Endika saldiastarrak, Xanti Uterga doneztebarra eta Ionen kontra jokatuko duten partidarekin. Larunbatean 16:00etan Galarretan hasiko den jaialdiko bigarren partida izanen da. Aitzinetik, Matxin VI eta Larrañaga, Otaegi eta Zubizarretaren kontra ariko dira eta ondotik, Juaristi eta Olazar, Matxin III eta Agirrezabalaren kontra eta Etxabe II eta Aizpuru III, Juanenea eta Zubiriren kontra.