Larretxeatarrak eta Erasun Nafarroako final nagusitik kanpo gelditu dira

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 17a

Nazabal, Lopez, Rekondo, Saralegi eta Senosiain ariko dira azaroaren 15ean Donezteben

Floren Nazabal, Juanjo Lopez, Jon Rekondo, Ruben Saralegi eta Antonio Senosiain sailkatu dira azaroaren 15ean Donezteben jokatuko den Nafarroako Lehen Mailako aizkolari finala jokatzeko.  Urria­ren 6an Etxarri Aranazen jokatutako kanporaketan finaletik kanpo gelditu dira Ander Erasun aurtiztarra, Larre­txea aita-semeak eta Aitor Senosiain.
 
Senosiainek, gainera, maila galdu egin du, eta ikusi beharko da Oihan Larretxearekin zer gertatzen den. Kanporaketan, gerriko minez zegoelako, ezin izan zuen aritu Xabier Mindegiak, eta mailari eusteko kanporaketa jokatu beharko du La­rretxea gaztearekin.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontza­ko eta oinbiko bat moztu behar izan zituen Etxarrin. Floren Nazabal zen kanporaketa irabazteko faborito nagusia. Bere zortzigarren txapela lortzeko lehian aritu zen eta ez zuen arazorik izan garaipena lortzeko (13:16). Biga­rren Juanjo Lopez izan zen (14:25), hirugarren Jon Re­kondo leitzarra ((14:35), laugarren Ruben Saralegi leitzarra (15:14) eta bosgarren An­tonio Senosiain (17:03).
 
Ezusteko nagusia Donato Larretxearena izan da da, ez baitzen finalean sartu. Zazpiga­rren egin zuen. Ander Erasun aurtiztarrak ere ez zuen lortu finalerako txartela. Azkenaurreko enborra Antonio Senosiainen denbora berean moztu bazuen ere, azkenean seigarren izan zen. Antonio Senosiainetik 15 segundora bukatu zituen lanak. Oihan Larretxea zortziga­rren izan zen eta Aitor Senosiainek azken postua lortu zuen.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun