Nonbait atzelari eskasia dute Oriamendiko koadroan eta Endika Urrutia saldiastarrak, hainbat urte aurrelari moduan aritu ondotik, atzelari gisara debuta egin du urriaren 3an. Ongi hasi du ibilbide berria, Ezkurra II.arekin bikote eginez 30-29 irabazi baitzien Segurola eta Olazar-i.
Orain arte aurrelari aritu bada ere, atzelari jokatzea ez omen da berria saldiastarrarentzat, afizionatu mailan urtebetez aritu baitzen. Profesionaletako bere bigarren debuta izan dela ere erran daiteke. «Azken asteetan Uterga eta Barrenetxearekin entrenatzen aritu naiz eta ongi ikusten nautela diote, ez dela arazorik izanen» dio. Oriamendik eskaini zion atzelari moduan probatzeko aukera, aitzineko koadroetan erremontelari aunitz eta gibelean eskasago dabiltzala ikusita eta Endikak onartu egin du. Aurrelari izatera bueltatzeko aukera hor izanen du: «Gauzak ez badira ongi ateratzen berriz ere aurrelari arituko naizela erran didate eta horrek lasaitasuna ematen dit». Golpez juxtu xamar dabilela eta sakeetan pilota astintzen ikasi behar duela uste du Endikak, baina partidek emanen diote hori.