Doneztebe nagusitu da gazte mailako laxoa txapelketan ere

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 17a

Gazte mailako laxoa txapelketako finalistak, sariak banatu zituztenekin batera. Utzitako argazkia

Irailaren 29an Bear-Zanan jokatutako finalean 9-5 irabazi zion Arraiozi

Haundien txapelketan gertatu zen bezala, gazteen laxoa txapelketan ere Doneztebe nagusitu zaio Arraioz-i. Irai­laren 29an Bear-Zanan jokatu zen Baztan-Erre­kako gazteen laxoa txapelketaren finala eta Doneztebe Bk 9 eta 5 irabazi zion Arraioz-i.
Doneztebe B taldean Gorka Iribarren (sakalaria), Eloy Garzia (numeroa) eta David Mitxeo eta Eneko Maylin (koar­toak) aritu ziren. Arraioz­en, berriz, Eki Etxandi (sakalaria), Josu Etxandi (numeroa) eta Urki Etxandi eta Mikel Organbide (koartoak).
Doneztebarrek lau lehenbiziko jokoak egin eta alde horri eutsi zioten. Markagailua: 4-0, 4-1, 5-1, 5-2, 8-2, 8-5, 9-5.
 
Sailkapenean, txa­pel­dun izan den Donez­tebe B eta Arraioz azpi­txapeldunaren ondotik, Oiz hirugarren izan da, Doneztebe A laugarren eta Irurita bosgarren.
 
Tiburtzio Arraztoa, Laxoa Elkarteko kideak aipatu digunez, «giro a­rras ona izan zen plazan, jende aunitz; 8 joko eta 3 zirelarik euri tanta batzuk erori ziren, baina partida ez zen gelditu eta problemarik gabe bukatu zen».
 
Sari banaketari dagokionez, Oiz, Donez­te­be A eta Iruritako jokalariek Laxoa Elkarteko domina bana hartu zuten, Baztan-Errekako Laxoa txapelketa gehien irabazi dituen Doneztebeko Patxiku Ganboaren eskutik. 
 
Aurten Baztan-Errekako Laxoa txapelketa nagusia irabazi duten Doneztebe Ako jokalariek (Pascual Bertiz, Koldo Lega­rra, Javier Bertiz eta Jokin Arraztoa) eman zizkieten trofeoak Arraiozko azpitxapeldunei. Jon Oyarzunek, Nafarroako Pilota Federazioko gerenteak, berriz, eman zizkien Doneztebe Bko txapeldunei trofeoak.
Gero, txapelketa behar bezala akitzeko, pilotari eta pilotazaleek luntxa izan zuten Santamaria Jatetxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun