gur Fifine eta Fermin

Franck DOLOSOR 2013ko urr. 17a, 09:42

Fermin Miura Azkaineko bertsulari zena Larraldean Matxin Irabolari egin zitzaioan omenaldian 2010eko hazilan, Sustrai Colina, Mixel Aire “Xalbador II”, Amets Arzallus eta Joana Itzainarekin. Franck DO

Duela egun batzuk beren azken egoitzarat segituak izan dira he­rrian ezagutuak ziren bi lagun barkatzen ez duen gaitz baten kontra buru egin eta. Fifine Bi­llon, sortzez Zamora, 84 urtetan pausatu da. Olandegian Xerrenda auzoan Amotze alde hortan sortu eta bizi zen. Bere burasoek 10 seme alaba izan zituzten, batzuk munduko lehen gerla aitzin sortuak eta bertzeak urte batzuk geroago gerla bururatu ondoan, horien artean Fifine. Xerrendarra laborantzan aritu da lanean, kantuz! Fifine zenak erro­tik maite zuen kantuz aritzea eta maiz parte hartzen zuen kantu xaharren bazkarietan. Egun horietan kontenxko izaten zen kantatzea plazerra baita.  Etxean urrea balio duen kantu bilduma bat zuen eta kantua horiek gogotik kantatzen zituen noiz nahi, hain zuzen Fifine zenaren amak izkiriatutako liburuxka zen hain maitea zuen hura. Olandegiko etxeko anderea ezagutu dugunek oroi­tzapen goxoa atxi­kitzen dugu.       
 
Bertzalde, Fermin Mihura bertsulari azkaindarra zendu da 67 urtetan. Bere azken ber­tsu saioa joan den apirilaren hiruan egin zuen Hendaian Jean Louis Hariñordoki Laka adiskidearekin. 35 urtez eskuin eta ezker ibili dira baigorriarra eta azkaindarra, eta behin baino gehiagotan gure herrian Senperen. Duela hiru urte bi bertsu saio eskaini zituen Fermin zenak Larraldean, Zoe Bray margolariak egin zuen erakusketaren estrenaren karietarat eta Matxin Irabolari egin zitzaion omenaldian.
 
1980an Bertsularien Lagunak elkartearen sortzaileetakoa izan zen, batasun horren buru izanez ere zonbait urtez, Alkhat eta Ezpondaren ondotik. Garai hartan, bi libururen idazten parte hartu zuen: "Zahar hitz zuhur hitz", eta gero "Bertsularien artea". Plazetan kantari ibili da bertsulari ainitzekin eta bertsu jarriak Herria astekarian argitaratzen zituen. Artzain xakur xapelketetan ere bertsu batzuk kantatzen zituen beti, izan Iparraldean ala Oñatiko hitzorduan. Halaber, 1986an Euskal Herriko bertsulari xapelketan epaimahaikide izan zen. Berdin, duela zonbait urte, Urdiñarbeko bertsu ja­rrien lehiaketetan. Nafa­rroako xapelketan zazpi aldiz parte hartu zuen.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun