Emak Hor fanfarra 1913an sortu zela, hau da duela mendea muntatu zela, haundizki ospatu da berriki. Jean Barbier garaztar apeza bikario egon zen Baionako katedralean eta Senpereko erretore izendatua izan zelarik berehala taldea muntatzen hasi zen. Atabala edo klerona jotzen erakutsi zien herriko gazteei eta molde hortan abiatu zen abentura musikala. Geroztik herrian izan diren erretore guziek taldeari arta haundiena ekarri diotela oroit dira batasuneko kideak. 1935 urtean, Borotra erretore zenak Emak Hor taldearen etxea eraiki zuen elizaren ondoan herritar ainitzen laguntzarekin. Gazteria Katolikoaren biltzarrak hor egin dira denbora luzean bai eta antzerkiak, mutikoenak ihauterietan eta neskenak bazkoz. 1950 urtean zinema bilakatu zen egoitza hori eta azken 40 urteetan koralaren bilgunea ere izan da. Urteetan Besta Berri bezalako ospakizunak alaitu ditu taldeak eta sari frango eskuratu ere musika lehiaketetan gure herriaren izen ona lau haizetarat ezagutaraziz. Horiek oro eta oroitzapen gehiago gogoratuak izan dira buruil erditsuan ospatu den bestan. Kontzertu, meza, zintzur bustitze eta 200 laguneko bazkaria... zer nahi animazione egin da Emak Hor batasunaren lehen mendea behar den bezala ospatzeko.