Azken asteetan hitzetik hortzera dabil Zugarramurdiko lezea, baina Urdazubiko Ikaburuko lezeak ere fuerte famatu dituzte. Izan ere, Osasuna futbol taldeak lezeetan atera zuen denboraldiko poster ofizialerako argazkia urriaren 1ean. Horrek ikusmina sortu zuen, noski, eta Urdazubi-Zugarramurdiko eskolako ikasleak ere hurbildu ziren futbolariengana, argazkiak atera eta autografoak eskatzeko asmoarekin. Erran behar da futbolariak hagitz atsegin egon zirela neska-mutikoekin eta elkarrekin ere atera zuten argazkia. Osasunako jokalariek, entrenatzaileek eta Miguel Archanco presidenteak, argazki-saioaren ondotik Koxkan bazkaldu zuten.
Osasuna nafar guzien taldea dela erakutsi nahi dute, ez bakarrik hiriburukoena,horregatik urtero Nafarroako herri ezberdinetan ateratzen dute argazki ofiziala, bidenabar herri horietako erakargarri turistikoak ezagutaraziz.