Urriaren 21ean, astelehen goizean 3.790 izokin-kume askatu dituzten Bidasoa ibaian, Oieregin, bere kabuz iraun dezakeen espeziearen ibai horretako populazio naturala berreskuratzeko. Ekitaldian Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak parte hartu zuen, eta harekin batera izan zen José Javier Esparza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak.
Aurreikusi denez, datozen egunetan 37.294 izokin-kume pikart askatuko dituzte guztira Bidasoa ibaiaren hainbat tartetan eta erreka adar batzuetan (Beartzun, Artesiaga, Aiansoro, Ezkurra eta Ezpelura).
Espeziea berreskuratzeko planaren ekintzetako bat populazio basatiak indartzea da, izokinak naturalki heltzen ez diren edo modu adierazgarrian iristen ez diren arroaren guneetan. Birpopulatzea Mugairiko arrain-haztegiko aleen bidez egiten da, bi sasoitan eta bi motatako kumeekin: arrainkumeak udaberriaren amaieran eta udaren hasieran ibairatzen dira dira, banazbertze 7,4 cm eta 5 gramo dituzte, eta marka dute eginda gantz-hegalean. Aurten 83.285 arrainkume bota dira guztira Bidasoa, Ezkurra eta Ezpelura ibaietan; pikartak udazkenean errekaratzen dira: 10,8 cm-ko neurria eta 18 gramoko pisua dute banazbertze. Marka gisa, gantz-hegalean ablazioa dute eginda eta sudurrean mikromarka bat. Urriaren 21ean askatu dituzten izokin-kumeak azken mota horretakoak izan dira, eta udazken honetan guztira 37.294 pikart askatuko direla aurreikusi da.
Populazioaren kontrola Berako harrapatze-estazioan
Ondoren, Berako harrapatze-estaziora joan ziren agintariak, han burutzen baitira izokinen populazioa kontrolatzeko lanak (zenbaketa eta aleen markaketa).
Izokina berreskuratzeko estrategiaren bertze ardatzetako bat populazioa kontrolatzea da. Kontrola ibaian egiten duten bizitzako ziklo osoan burutzen da: ibaian goiti egiten duten ale ugaltzaileak eta arrainen arrabalekuak lokalizatuta ugalketa naturala kontrolatzen da, arrabarako habiak zenbatzen dira, populazioen jarraipena egiten da eta izokin gazteen migrazioa kontrolatzen da.
Espezieak kontrolatzeko ekintza batzuk Berako harrapatze-estazioan egiten dira. Fundizioen presako oztopo artifiziala aprobetxatzen duten instalazio txikiak dira, eta Bidasoan goiti egiten duten izokin guztiak harrapatzen dira. Horretarako, arrainentzako eskalaren zati den oraska batean butroi bat (sarez egindako konoa) duen kaiola bat dago jarrita. Bertara modu naturalean igo daitezke arrainak, baina ezin dute atera.
Langileek urteko sasoiaren eta baldintza hidrologikoen arabera aztertzen dute tranpa, eta harrapatutako aleei buruzko datuak jasotzen dituzte. Horretarako, kaiola jaso eta harrapatutako arrainak instalazio barrura lekualdatzen dira. Han, putzu batean anestesiatu ondotik datuak jasotzen dira: espeziea, sexua, luzera, altuera, jatorria (birpopulatutakoa edo basatia) eta ezkaten lagina. Ondoren, putzu txiki batean uzten dituzte indarberritu daitezen, presan goiti askatu aitzinetik.
Izokina berreskuratzeko plana aplikatzeari esker, 1990. urtetik Bidasoan goiti egiten duten ale kopurua handitzea lortu da. Gainera, kopurua egonkortu da urteko banazbertzekoa 300 ingurura hurbilduz, nahiz eta azken hiru urteetan kopuru hori nabarmen gainditu den (462 izokin 2010ean, 461 izokin 2011n eta 387 izokin 2012an).