Jakina da joaldunek herriko inauterietako mugak gainditu dituztela aspaldian eta nonahiko ospakizunetan aditzen direla beraien joare soinuak. Baina urriko lehenbiziko asteburuan egiazko protagonista izan ziren, bi egunez lau lekutan ibili baitziren.
Urriaren 5ean Baluarteko Iruña kantuz jaialdi bikainean izan ziren partaide, bertze hainbat musikari, kantari eta dantzarirekin batera. Lerro hauen bitartez, eskerrak eman nahi dizkiote Angel Mariezkurrenari eta gainerako antolatzaile taldeari egindako lanarengatik. Berriz ere edozein ekitaldirako prest daudela adierazi diote. Arrats berean, Labaienen Urriroko bestan izan ziren joaldunak. Eta biharamona ere ez zuten atseden hartzeko aprobetxatu. Izan ere, Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiaren Egunean izan ziren Elgorriagan. Gainera, bertze zenbait lagunekin batera, Ohorezko Kofrade ere izendatu zituzten. Hori aski ez eta Zubirin ere izan ziren. Orreaga-Zubiri Maratoi Erdiaren inguruan antolatu zen besta egunean parte hartu zuten.
Gogoratu behar da, gainera, berriki Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Harreman Instituzionaletarako Departamentuak Nafarroako Kultur Intereseko besta moduan izendatu dituela Zubieta eta Iturengo inauteriak.