Zuzendaritza Batzordea berritu du Doneztebarrak elkarteak

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 17a

Leire Amoros, Maite Oskoz, Natalia Rekarte eta Mari Carmen Larraintzar. Utzitako argazkia

Kultur Astearen antolaketan lagunduko du merkatarien elkarteak

Doneztebarrak merkatari elkarteak zuzendaritza batzordea be­rritu du. Kukuka haur arro­pa dendako Natalia Rekartek segituko du presidente hirugarren urtez. Cosas de Casako Mari Carmen Larrain­tzar izanen da presidente ordea, ArtLepoko Leire Amoros idazkaria eta Kosmako Maite Oskoz izanen da diruzaina. Baina batzordekoak ez ezik, elkartea osa­tzen duten 51 bazkideek ere lana gogotik egiten dutela aipatu digu Natalia Rekarte presidenteak eta horren erakusgarri, udazken-neguari begira antolatzen hasiak diren ekitaldi eta kanpainak.
 
KULTUR ASTEA
Honela, Guraso Elkarte eta bertze erakundeekin batera Kultur Astea prestatu dute. Ho­rren aitzinetik, elkarteko dendetan urriaren 14tik 26ra bitarte erosketak egiten dituzten bezeroen artean boletoak banatuko dituzte eta 100 euroko zortzi erosketa-baleren zozketan hartuko dute parte. 
 
Urriaren 23an, Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbi­tzuak Kultur Ibilaldiaren barnean antolatu duen ekitaldiarekin bat eginen dute merkatariek. Euskara Zerbitzuak, Birjinia Albiria ipuin kontalaria ekarriko du liburutegira. 17:00etan, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleendako Ipuin Zopa emanaldia eskainiko du eta 18:00etan, 1. eta 2. mailakoentzat Kutxa ireki nuen ipuin bilduma. Baina ttikienak ipuinak aditzera sartzen direnean, handixeagoek literaturan murgilduak segitzeko aukera izanen dute. Izan ere, Doneztebarrak elkarteko dendetako erakusleihoetan ipuin zatiak jarriko dira eta horiek elkartuz ipuina osatzen saiatu beharko dute, ginkana an­tzeko batean. Partehartzaile guziendako oroigarri bat izanen da eta ipuina ongi osatzen duen lehenbizikoaren­tzat oparia.
 
Honetaz gainera, zinema emanaldiekin kolaboratuko dute aurten ere merkatariek. Urriaren 27rako iragarria dago Erreka eta Mendaur Guraso Elkarteek, udalaren, Gazte Burrunbaren eta merkatarien la­gun­tzaz antolatzen duten ekimenaren lehen emanaldia eta sei hilabetez 26 pelikula jarriko dituzte ikusgai.
Aitzinera begira, Eguberrietako kanpaina ere prestatzen ari dira Doneztebarrak elkartekoak.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun