Ikasleek Boc’n Roll erritmora murrizten dituzte hondakinak

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 17a

Gosaltzerakoan sortzen diren hondakinak murriztu nahi dira Boc’Rollarekin. Utzitako argazkia

Gaikako bilketa eta prebentzioa sustatzeko tailerrak ere egin dira ikastetxeetan

Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateak, Male­rrekako Mankomunitateak eta Baztango Udalak, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Arloko Baliabide Zentroaren laguntzaz­ ikasleendako Hondakinei buruzko tailerrak eskaini dituzte ikasturte hasiera honetan, hiri hondakinen gaikako bilketa eta prebentzioa sustatzeko xedez.

Ekimen hau Nafa­rroako Gobernuak Beira eta Hondakin Elek­triko eta Elektronikoen Kudeaketa Bateratuaren Sistemen entitate kudeatzaileekin hitzartutako arloan kokatzen da, Nafarroako 2010-2020ko Hondakinen Kudeaketa Bateratuaren Planaren helburuei loturik. Helburu horietan, hondakinen eremuan sentsibilizatu asmoz formakuntza, informazio eta ingurumen hezkun­tzako aktibitate ezberdinak egiten dira. Hirusta hezkuntza zerbitzuetako langile adituek zuzentzen dituzten eta ikastetxeendako doakoak diren tailer hauek, oraingo honetan Lehen Hezkuntzako ikasleei eskaini zaizkie.

Tailer hauen bidez, ikasleak prebentzio eta birziklapenean oinarrituriko hondakinen kudeaketa egoki baten garran­tziaz informatu eta sentsibilizatu nahi dira, ingurumenaren zain­keta eta hiri hondakinen gaikako bilketaren kalitatea nahiz kantitatea hobetzen lagun dezaten. Denera, eskain­tza onartu duten eskualdeko ikastetxeetan 31 tailer egin dira osotara, 11 Baztanen, 11 Bortzirietan eta 9 Malerrekan.

BOKATAK BILTZEKO BOC´N ROLLA

Aurtengoan tailerrak aprobetxatuz Baztango Udalak, Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateekin batera, prebentzio kanpaina gehigarri bat jarri nahi izan du martxan eta hala, ikastetxeetan gosaltzeko orduan sortzen diren hondakinak murrizteko intentzioarekin, ikasleei gosaria biltzeko oihalezko bilduki berezi bat (Boc´n roll deitzen dena) banatu zaie. Prebentziozko akzio honen bitartez lehen hezkun­tzako ikasleek gosarirako erabiltzen duten aluminio papera, plastikoa edo papera gutxitu nahi da, honen ordez bilduki berrerabilgarri bat erabiliz eta honela sortutako hondakinak gutxituz.

Ecoembesen dirulaguntza bati esker lortutako 1.400 Boc´n roll banatu dituzte Lehen Hezkuntzako ikasle guztien artean. Ekintza honetan familia eta irakasleen inplikazioa ezinbertzekoa denez, ikastetxeetatik etxeetara bidaltzeko eskutitz bat prestatu da bilduki be­rri honen erabilpenean familien inplikazioa ere eskatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun