Nafarroako Gobernuak 4.029.361 euroko ekarpena eginen du Baztan eta Bidasoa inguruko eta Ultzanueta Mankomunitateko (Anue, Lantz, Odieta eta Ultzama) 16 herritan tokiko azpiegituren 24 obra burutzeko. Zenbatekoa Foru Komunitate osorako eman denaren % 19,30 da, lurraldeko biztanleria (25.082 biztanle) Nafarroa osoko biztanleen % 3,89 izanik. Biztanle bakoitzeko, 160,65 eurokoa da diru-laguntza. 2012-2014 denboraldian, Nafarroako Gobernuak 9,95 milioi euro inbertitu ditu 14,10 milioi euroko aurrekontu orokorra duten azpiegituren proiektuetan.
José Javier Esparza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria eta Francisco Pérez Arregui Tokiko Administrazioko zuzendari nagusia Donezteben elkartu ziren urriaren 15ean lehenago aipatutako herrietako alkateekin, egiten ari diren lanen egoeraren eta Toki Azpiegituren Planaren kargurako Foru Gobernuaren ekarpenen berri emateko.
Obrak 16 herritan
Obrak Elizondo, Irurita, Narbarte, Amaiur, Aniz, Berroeta, Gartzain, Beintza, Donamaria, Sunbilla, Urrotz, Olague (Anue), Arraitz, Odieta, Erripa (Odieta) eta Doneztebe herrietan egiten ari dira, eta batik bat hornidura-sareak berritu, kaleak zolatu, tokiko bideak konpondu, argiteria berritu, araztaile berria eraiki eta hondakinak lekualdatzeko aipatutako azpiegitura egiteko obrak dira, besteak beste. José Javier Esparzak presazkoak diren eta Toki Azpiegituraren Planean gehituta dauden obren zerrenda ere eman du ezagutzera. Horietarako 1.017.674 milioi euroko diru-laguntza ematea aurreikusi da, Nafarroa osorako aurreikusi den guztiaren % 7,44. Gehienbat, iazko urte bukaeran eta 2013ko lehen hiruhilekoan izan ziren eurite handiek eragindako kalteak konpontzeko dira.
Eskualdeko lanei dagokienez, Baztanen, Elizondoko hornidura-sarearen soluzioaren lehenbiziko faserako 384.630,5 euroko dirulaguntza jasoko dute, (876.368,78 euroko inbertsioa) eta Iruritako sarearen soluzioaren bigarren faserako 278.538,55 euroko subentzioa (365.194,98 euroko inbertsioa). Amaiur, Aniz, Berroeta eta Gartzaingo bideak konpontzeko 41.913 euroko dirulaguntza emanen dute (313.027,19 euroko inbertsioa). Beintza-Labaienek 39.856,62 euroko dirulaguntza jasoko du hilerriko bidea zolaberritzeko (142.345,08 euroko inbertsioa). Donamariako Udalak, Gazteluko ur-hornidurarako 87.760,91 euroko dirulaguntza hartuko du (117.989,68 euroko inbertsioan). Sunbillako Udalak, Garaigarri eta Donibane karrikak zolaberritzeko 338.817,19 euroko subentzioa hartuko du (907.527,03 euroko inbertsioa) eta Urrozen goiko ur hornidura sarerarko 37.147,07 euroko dirulaguntza hartuko dute (107.507,75 euroko inbertsioa. Udal erakundeez gain, NILSAk ere jasoko du 751.125,35 euroko dirulaguntza, Nafarroa 2012 Planaren baitan egiten ari den Bidasoko erdialdearen azterketan, Narbarte eta Legasa zatia aztertzeko (2.013.037,28 euroko inbertsioa).