Erremonteko Promozio txapelketako finala jokatuko dute urriaren 19an, larunbat arratsaldeko 4etan Hernaniko Galarretan hasiko den jaialdian. Etxabe II eta Labaka, Otaegi eta Patxi Olazar doneztebarren kontra ariko dira.
Finalerako zortzi pilotak berezi zituzten ortzegunean eta lauak kontent gelditu ziren materialarekin. Gorriek Etxaberen joa nagusitu nahi dutela adierazi zuten, Olazarri eutsiz. Izan ere, Olazarren esperientziaren beldur dira, «sakearekin min handia egiten duelako eta ligaxkako partida batean hameka tantu lortu zituen sakez».
Urdinez ariko diren Otaegi eta Olazarrek pilota arinagoak aukeratu zituzten, Etxaberi pilota kentzeko intentzioarekin.
Faborito argirik gabeko finala izanen da eta urduritasunari hobekien eusten dionak, bide zati haundia egina izanen du.
Bikotea hirukotearen kontra
Promozio txapelketako finala jaialdiko bigarren partida ianen da. Aizinetik, Matxin VI eta Aizpuru III, Ezkurra II eta Larrañagaren kontra ariko dira.
Finalaren ondotik, partida nagusian bikotea eta hirukotea izanen dira aurrez aurre: Urriza eta Julen San Miguel doneztebarra alde batetik eta Xanti Uterga doneztebarra, Juaristi eta Barrenetxea IV.aren kontra. Laugarren partidan, Matxin III eta Aritz Zubiri goizuetarra, Gorka Urtasun iruritarra eta Andoni Saldias oiztarraren kontra ariko dira.