Zubietako Euskararen Eguna giro ederrean egin zen urriaren 12an

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 14a

Jendetza bildu zuen bertso bazkariak. Izaskun Zubialde

Larunbat goizean joaldunak ibili ziren karrikaz karrika eta herriko Muxiko dantzariek ere bere saioa eskaini zuten

Azken urteetako ohiturari eutsiz, Zubietako gazteek Euskararen Eguna antolatu dute urriaren 11 eta 12ko astebururako. Egun handia larunbata izan bazen ere, ostiralean ere zenbait ekintza prestatu zituzten. Ikusi argazkiak (Izaskun Zubialde)

Azken urteetako ohiturari eutsiz, Zubietako gazteek Euskararen Eguna antolatu dute urriaren 11 eta 12ko astebururako. Egun handia larunbata izan bazen ere, ostiralean ere zenbait ekintza prestatu zituzten. Ikusi argazkiak (IZaskun Zubialde)

Honela, ortziraleko pintxo lehiaketan Eva Elizalde suertatu zen garaile eta mus txapelketan Josetxo Elizalde eta Xanti Hualde gailendu ziren.

Halere, urriaren 12a izan zen egun handia. Herriko artisauek beraien postuak jarri zituzten plaza inguruan. Herriko trikitilariak eta joaldunak karrikaz karrika ibili ziren eta herriko Muxiko dantzariek ere bere saioa eskaini zuten. Aizkora apustuan Raul Kastro eta Ezekiel Loiarte, Jose Antonio Loiarte eta Mikel Indakoetxearen kontra aritu ziren plazan. Goiz osoan gazta eta urdaiazpikoaren apustua ere egin zen. Gaztaren pisua eta urdaiazpikoa zer alturatan zintzilikatua dagoen asmatu behar zuen jendeak. Urdaiazpikoa Martuzeneko Florita Loiarterentzat izan zen eta gazta berriz, erdibana eraman zuten Gartziko etxeko Marina eta Kokotxeko Beñaten artean.

Goizeko lanak egin ondotik bertso bazkaria izan zen, Aitzol Barandiaran eta Oihana Bartrarekin.

Arratsaldean haurrendako tartetxoa izan zen. Pelikula bat ikusteko aukera izan zuten ludotekan eta gero, birtziklapen tailerra Ines Gerekaren eskutik. Txokolatada ere izan zuten. Musika ere izan zen Zesuma taldearekin eta izan zen karaokean kantatzera animatu zenik ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun