Erika Lagoma eta Xabier Silveirak Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren kanporaketa jokatuko dute igandean

Ttipi-Ttapa 2013ko urriaren 11

Igandean Altsasun ariko diren sei bertsolariak.

Bi lesakarrak Altsasun ariko dira

Bi lesakarrak Altsasuko Burunda pilotalekuan ariko dira Beñat Gaztelumendi, Jexux Mari Irazu, Oihane Perea eta Unai Agirrerekin batera. Bezperan, berriz, Hendaian hirugarren kanporaketa jokatuko da.

Asteburu betea dator Bertsolari Txapelketa Nagusian. Alde batetik, Hendaian hirugarren kanporaketa jokatuko da larunbatean, eta bertzetik, igandean laugarrena Altsasun. Larunbateko saioan ez da eskualdeko bertsolaririk izanen, baina bai igandekoan, Erika Lagoma eta Xabier Silveira, hain zuzen.

Larunbatean Hendaiako Beltzenia pilotalekuan Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto igoko dira oholtza gainera. Aurkezle lanak Alaitz Rekondo leitzarrak eginen ditu. Saioa 17:30ean hasiko da, eta ateak ordubete lehenago zabalduko dituzte. Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean daude salgai. Horrez gain, Beltzenia pilotalekuko Bakarxoko ostatuan ere eros daitezke kanporaketako sarrerak.

Igandean Altsasuko Burunda pilotalekuan bertze sei bertsolari ariko dira lanean: Beñat Gaztelumendi, Erika Lagoma, Jexux Mari Irazu, Oihane Perea, Unai Agirre eta Xabier Silveira. Aipatu, saiorako sarrera guztiak salduta daudela jada.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun