Euskal Herriko III. Auzolan Topaketak Gernikak eginen dira asteburuan

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 10a

Auzolan Topaketen aurkezpena egin zen Trintxerpen, tartean Jasone Mitxeltorena etxalartarra dela. Utzitako argazkia

Hiru egunez hainbat ekitaldi izanen dira eta Auzolan Gida osatzen joanen dira

Auzolan ekimenaren urteko topaketa nagusiak datorren asteburuan izanen dira, Gernikako Astran. “Ingo al deu?” lelopean, hiru egunez ekimenak lantzen dituen gaiak bertan ezagutu eta bizitzeko aukera izanen da, parte hartzaileen interes eta gogotik abiatutako saio dinamikoen bidez.

Auzolan ekimenaren urteko topaketa nagusiak datorren asteburuan izanen dira, Gernikako Astran. “Ingo al deu?” lelopean, hiru egunez ekimenak lantzen dituen gaiak bertan ezagutu eta bizitzeko aukera izanen da, parte hartzaileen interes eta gogotik abiatutako saio dinamikoen bidez.

Ekimenak bi urteko ibilbidean egindako gogoeta prozesuaren fruitua jasotzen duen Auzolan Gida osatzeko helburua du. Gida horrek galdera zehatz bati erantzuten dio: Nola ase gure oinarrizko beharrak, merkatutik eta soldatapeko lanetik pasa behar izan gabe? Hau da, nola izan burujabe Jan, Lo eta Lagunak beharrei erantzuteko? Hori kolektiboki, herri gisa, bermatzeko erronka plazaratzen da gida honekin. Eskuliburu itxura izanen du, erronka horri nola erantzun Euskal Herriko edozein auzo, herri edo eskualdetan asmatzeko gakoak jasoko direlarik.

Topaketetan aurkeztuko da gidaren zirriborroa, guztien parte hartzearekin eztabaidatu eta osatu ahal izanen dena, Espazio Irekia delako metodoan ariko dira, larunbatean, egun osoan. Ondotik ere, hilabeteko epea izanen da ekarpenak jasotzen segitzeko. Azaroan amaituko da osatze prozesua, abenduan argitaratzekoa baita.

Auzolan Gida osatzeaz gainera, Astrako topaketetan hainbat ekimen izanen dituzte, mintzatutakoa bizi ere egin ahal izateko. Hitzetatik ekintzetara ildoari segituz, ostiral arratsaldean irekiko da tokiko hazien trukerako gunea. Bakoitzak bere haziak eraman, eta hala ez eginda ere, han direnak eskuratzeko aukera izanen du. Dirurik gabeko azoka ere izanen da, norberak eman nahi duena eraman eta behar dituenak hartzeko: Elikagaiak, arropa, tresnak, jostailuak, liburuak...

Ostiral arratsaldean izanen da, baita ere, Lurren kolektibizazioari buruzko solasaldia: Asturiesen horren inguruan abian den ekimen bat aurkeztu eta ondotik solasadi irekiari bide emanen zaio, Euskal Herrian zertan garen eta zer egin dezakegun aztertzeko.

Igande goizean berriz, Ezkur bilketa kolektiboa eginen dute: Elikadura burujabetzaren gaia landu dutenean, basa-elikadurak eskaintzen dituen aukerak ezagutu dituzte, eta horietako bat da ezkurra gure elikaduran txertatzea. 

Alde ludikoak ere izanen du bere lekua: Ostiralean, afalondotik, Gipuzkoako Zapalduen Antzerki taldeak “Ezarritako bideak?” eskainiko du. Larunbaten berriz, “LaSaitu trio” kantaldia eta ondotik, euskal kantak, guztion parte hartzearekin, Beñat Aiartzaren eskutik. Topaketetan zehar Biodantza saioa ere eginen dute (eguna eta ordua zehazteke).

Hiru egunetan zehar, tailerrak eginen dira (ogia egiteko... parte hartzaileek eskaintzen dutena), eta haurrentzako jarduerak (margoketa tailerra...). Elikadura “burujabea” ere landuko da; elikadura osasuntsu bat ahalbidetzeaz gainera, kalitatezko eta ekonomikoa ere baden elikadura-eredu bat proposatu eta eskainiko da.

Otorduak (5 euroko balio orientatiboan) eta lotarako lekua eskainiko dira. Saio guztietan itzulpenak eginen dira euskaraz ulertzen ez dutenentzat.

Informazio +

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun