Nafarroako hegaztien laugarren jardunaldiak antolatu dituzte Baztan-Bidasoaldeko hainbat erakundek. Joan den asteburuan egin ziren lehen ekitaldiak eta asteburu honetan ere gehiago izanen dira.
Urriaren 12an, larunbat goizeko 8:00etan hegazti askeen argazki-tailerra eginen da Iruritako Jauregian. 10:30ean, Elizondoko Merkatuko Plazatik abiatuta Mikel Mugirorekin irtenaldi ornitologikoa eginen da Elizondon barna, euskaraz. Ordu eta leku berean, kabi-kutxen tailerra ere eginen da. 17:00etan, berriz, tailerrean egindako kabi-kutxak paratuko dituzte Oronozko suhiltzaileek.
Urriaren 13an, igandean, natura-irtenaldia eginen da Erdizagara. 10:30ean abiatuko dira partehartzaileak kotxez Iruritako plazatik eta hegaztiei buruzko azalpenak Seo-Birdlife elkarteko kideen eskutik eta tximeleta eta burruntziei buruzkoak Ademar elkarteko kideen eskutik jasoko dituzte.
Gogoratu behar da irailaren 27tik urriaren 13ra “Hegaztiak eta paisaia” izeneko argazki erakusketa ikusgai dagoela Iruritako Jauregian, Iñaki Atxa eta Itxusi Elkarteko argazkilarien lanekin. 19:00etatik 21:00etara irekitzen ditu ateak Iruritako jauregiak.