Zubietako joaldunak, Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko Kultura, Turismo eta Harreman Instituzzionaletarako kontseilaria, Julio Pedro Lafuente Lopez Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea eta Xabier Lorente Guerrero, Bartzelonako Ramon Llull Unibertsitateko Gerontologia Hezkuntzako irakaslea dira Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiako Ohorezko kide berriak.
Halaxe izendatu zituzten urriaren 6an Elgorriagan Kofradiak egin zuen hogeigarren besta egunean. Ekitaldia, Arangurengo Abesbatzak kantatutako mezaren ondotik egin zen eta ospakizunean, Onddo eta Zizen Kofradiako kideez gain, Zainzuriaren Kofradiakoak, Erronkari Gaztaren Kofradiakoak, Donostiako Antxoaren kofradiakoak, Gastronomiako Euskal Kofradiakoak eta Cascanteko Olio Kofradiakoak izan ziren.
Jose Miguel Galarregi, Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiako presidenteak azaldu zitun ohorezko kofrade berrien merituak: «Zubietako joaldunei, merezi dutelako; Nafarroako Unibertsitate Publikoari, ea horrela Elgorriagako uraren azterketa bat egiten duten, baitakigu berezia dela; kontseilariari, guk hedatu nahi dugun osasun turismoaren kontzeptua interesgarria delako eta Llull Unibertsitateari, hirugarren adinekoentzat termalismoa eta teknologia berriak uztartu behar dituen proiektu piloto batean sartu behar dugulako». Beraz, kofrade berriek, kapa eta zapelaz gain, badute egin beharreko lana ere.