Bosgarren egin du Eneko Fernandez lesakarrak Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketan

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 7a

Markina-Xemeingo kanporaketan kantatu zuen seikotea. Alberto Elosegi

Agin Laburuk eskuratu du finalaurrekoetarako txartela, Markina-Xemeinen irabazita

Agin Laburuk irabazi du Markina-Xemeinen urriaren 5ean jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa. Haren gibeletik, hurrenez hurren Jone Uria, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo "Abarkas", Eneko Fernandez lesakarra eta Beñat Ugartetxea sailkatu dira.

Agin Laburuk irabazi du Markina-Xemeinen urriaren 5ean jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa. Haren gibeletik, hurrenez hurren Jone Uria, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo "Abarkas", Eneko Fernandez lesakarra eta Beñat Ugartetxea sailkatu dira. Honako puntuazioa lortu dute bertsolariek:

Agin Laburu 699,5

Jone Uria 677

Onintza Enbeita 623

Eneko Abasolo "Abarkas" 599,5

Eneko Fernandez 598

Beñat Ugartetxea 577,5

 

Horrenbertzez, Laburuk finalaurrekoetarako txartela eskuratu du. Azaroaren 16an Oiartzunen jokatuko den finalaurrekoan kantatuko du, Aitor Sarriegi, Jon Maia eta puntuazioaren arabera sailkatuko diren bertze hiru bertsolarirekin. Eneko Fernandezek, aldiz, kasik ezinezkoa izanen du sailkatzea, lehenbiziko saioko bertsolari guziek puntuazio onena eskuratu baitzuten.

Hurrengo kanporaketa Hendaian jokatuko da urriaren 12an, larunbatean 17:30ean, Beltzenia ezker paretan. Sei bertsolari aterako dira oholtzara: Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia eta Julio Soto.

Urriaren 13an, berriz, Altsasun eginen den laugarren kanporaketan Xabier Silveira eta Erika Lagoma lesakarrek kantatuko dute, Beñat Gaztelumendi, Jexux Mari Irazu, Oihane Perea eta Unai Agirrerekin batera.

Hendaiako, Altsasuko zein gainerako beste kanporaketetarako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun