Guratrans proiektuaren hitzarmena sinatzeko ekitaldia egin zen urriaren 8an Parke Naturaleko Jauregian. Zehazki eskualdeko lau herritako ordezkariek sinatuko zuten hitzarmena. Marisol Taberna Berako alkateak, Mikel Ortega Baztango zinegotziak, Gloria Agerri Doneztebe ko zinegotziak eta Severiano Txoperena Lesakako zinegotziak sinatu zuten, CRANA Fundazioko presidente Andres Eziolazarekin batera. Hitzarmenean aurrikusitako jarduerak 80.900 euroko aurrekontua du eta lau udalerritan hainbat ekimen eginen dira.
Honela, uraren eskaria kudeatzeko plan baten esperientzia pilotua Beran eta Lesakan, ura eraginkortasun handiagoz biltzeko eta baliabide hidrikoen hondamena saihesteko, eta ur zerbitzuak tarifatzeko sistema; ingurumeneko ur auditoriak Lesaka, Doneztebe eta Elizondoko udal instalazioetan, arreta berezia jarrita udal instalazioetan, kirol instalazioetan, ikastetxeetan, erretiratuen elkarteetan eta berdeguneetan. Diagnosia eta ekintza-plan baterako proposamena ere proiektuaren barne dago, ura aurrezte eta eraginkortasuna hobetze aldera.
GURATRANS Proiektua, Interreg IV A egitasmoaren baitan dago eta Pirinioetako mendebaldeko muturreko mugaz gaindiko ibaien kudeaketa integral eta parte-hartzailea bilatu nahi du.
Marisol Taberna, Berako alkateak agerraldian aipatu zuenez, «azken aldian administrazio desberdinak zorionez jabetu gara zeinen garrantzitsua den ura zentzuki eta zintzoki kudeatzea. Nork erran behar zigun guri hori? Horretan gogoz jardutea da dagokiguna, kontsumo eraginkorra bideratzea, eta herritarrei helaraztea ardura denona dela, denok egin behar dugula lan gure ingurumenarekinko errespetuz jokatzen».