Galdakaon (Bizkaia) jokatu zen irailaren 15ean Euskal Herriko master mailako txirrindularitza txapelketa eta Elizondoko Ion Zeberiok (Transbidasoa-Euromaster-Sinertecnic) senior mailan eta Patxi Meokik (AEL) master50 mailan txapela lortu zuten; Iñaki Villoria (Transbidasoa-Euromaster-Sinertecnic) Iruritarrak 3. postua lortu zuen master40 mailako txapelketan.
91 kilometroko ibilbide hasieratik ihesaldi saiakera aunitz egon ziren, baina bakarrak ere ez zuen lortu aitzinera egiterik.
Iñaki Villoria iruritarra ihes eginda ibili zen, baina azkenean Portillo izan zen irabazle, bakarrik helmugaratuta. Portilloren gibeletik zazpikote bat helmugaratu zen, hauen arteko espritean Ion Zeberiok 3. postua lortu zuen eta bere mailako txapela, hurrengo taldetxoan sartu zen Iñaki Villoria 13. postuan. Bertze taldetxo batean Meoki helmugaratu zen 25. postuan master50 mailako txapela eskuratuz.
Transbidasoa taldeko Txutxin Fernandez 37., Joxe Mari Goia igantziarra 39., Joxe Angel Mitxelena lesakarra 44., Goienetxe lesakarra 70. eta Ibon Urtiaga 84. helmugaratu ziren. Luziano Mitxelena lesakarrak eroriko baten ondorioz froga utzi behar izan zuen.