Urdazuriko guden komemorazioak poza eta haserrea sortu ditu herritarren artean

Franck DOLOSOR 2013ko urriaren 4a

Franck DOLOSOR

Lapurdi 1609 elkarteak ez du begi onez ikusi ospakizuna

Gutitan ikusten den mundua bildu zen herri­an buruilaren 22an Ur­da­­zuriko guden be­rre­hungarren urtemugaren antzezpen egunean. Ez zen ez hor deus falta: Frantzia, Espainia eta In­glaterrako armadako soldaduak orduko uniformeekin, militar bat zaldiz ibilki, emazteak hilak zaintzeko… Ka­rrika nagusian barna ibili eta Urdazuri bazte­rre­ko parkean borroka bu­rrun­batsua antzeztu zen tiro eta ke frangorekin. 
 
Lapurdi 1609 elkarte­ak ez du begi onez ikusten komemorazioa gisa hortan egitea orduko senpertarren so­frikarioa ez baita aski edo batere gogoratua izan bere ustez. 1813an, 70.000 soldadu pasa ziren Lapurdin eta zer nahi desmasia egin zuten gure herrian arto landak xehatuz, etxeak errez edo berdin emazteak bor­txatuz, bertzeak bertze. Elkarteak galde­tzen du militarren jan­tziekin agertzea ez ote den arbasoetaz trufa­tzea.
 
Antzezpena egin dutenek diote logistika sai­lik ez zela orduan eta herritarrek armada lagundu behar zutela eta badakite batzuetan bortxaz izan zela. Gogoan dute egoera arrunt zaila jasan zela. Horregatik  desfilea egiteaz gain, lore eskain­tza ere egin dute Senpereko hilen oroitarriaren parean. Beren helburua ez zen bakarrik folklorea egitea jantzi eta danborrekin. Kritikak kontuan hartzen dituzte baina oroitarazten dute 1945eko armistizioa urtero ospatzen dela maiatzaren 8an eta orduan ere hildako frango izan zela alde guzietan. Lapurdi 1609 elkarteak galdetzen du nork onartuko lukeen Hitler eta Francoren jantziekin antzeztea Gernikako bonbardaketa… 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun