Guratrans proiektuaren hitzarmena sinatzeko ekitaldia eginen da urriaren 8an, asteartean 17:00etan, Bertizko Parke Naturaleko Jauregian. Zehazki eskualdeko lau herritako alkatek sinatuko dute hitzarmena, Baztan, Bera, Doneztebe eta Lesakakoek, CRANA Fundazioko presidente Andres Eziolazarekin batera. Hitzarmenean aurrikusitako jarduerak 80.900 euroko aurrekontua du eta lau udalerritan hainbat ekimen eginen dira.
Honela, uraren eskaria kudeatzeko plan baten esperientzia pilotua Beran eta Lesakan, ura eraginkortasun handiagoz biltzeko eta baliabide hidrikoen hondamena saihesteko, eta ur zerbitzuak tarifatzeko sistema; ingurumeneko ur auditoriak Lesaka, Doneztebe eta Elizondoko udal instalazioetan, arreta berezia jarrita udal instalazioetan, kirol instalazioetan, ikastetxeetan, erretiratuen elkarteetan eta berdeguneetan. Diagnosia eta ekintza-plan baterako proposamena ere proiektuaren barne dago, ura aurrezte eta eraginkortasuna hobetze aldera.
GURATRANS Proiektua, Interreg IV A egitasmoaren baitan dago eta Pirinioetako mendebaldeko muturreko mugaz gaindiko ibaien kudeaketa integral eta parte-hartzailea bilatu nahi du. Sinadura ekitaldiaren ondotik, proiektua aurkeztuko da, 17:30etik 20:00etara eta aurkezpen honetara gonbidatuak daude gainerako alkate eta gizarte eragileak ere.