Eneko Fernandez lesakarrak debuta eginen du Bertsolari txapelketa nagusian

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 4a

Eneko Fernandez kantari, txapelketa nagusian ariko diren bertze hiru nafarrekin batera, Lesakan egindako prestaketa saioan. Utzitako argazkia

Urriaren 5ean ariko da Markina-Xemeingo final laurdenetako saioan

Bertsolari txapelketa nagusiko bigarren kanporaketa jokatuko da urriaren 5ean, larunbat arratsaldeko 5:30ean Markina-Xemeingo udal pilotalekuan eta Nafarroako eta eskualdeko lehenbiziko ordezkaria ere lehian sartuko da: Eneko Fernandez Maritxalar lesakarrak debuta eginen du txapelketan.

Bertsolari txapelketa nagusiko bigarren kanporaketa jokatuko da urriaren 5ean, larunbat arratsaldeko 5:30ean Markina-Xemeingo udal pilotalekuan eta Nafarroako eta eskualdeko lehenbiziko ordezkaria ere lehian sartuko da: Eneko Fernandez Maritxalar lesakarrak debuta eginen du txapelketan.

Nafarroako txapelketan lehen aldiz parte hartu eta finalean sartu ez ezik, laugarren postua eskuratu zuen Eneko Fernandezek. Honela, txapelketa nagusirako txartela ere eskuratu zuen eta hortaz lehen parte hartzea izanen du. Berekin batera, Agin Laburu (Astigarraga), Arkaitz Estiballes (Galdakao), Beñat Ugartetxea (Mallabia), Jone Uria (Algorta) eta Onintza Enbeita (Muxika) ariko dira. Saioko lehenbiziko sailkatuak lortuko du finalerdietarako txartela eta gainerakoek puntuazioari begira egon beharko dute.

 

Euskal Herriko bertso eskolen Eguna

Baina txapelketako bigarren kanporaketa, saio hutsa baino zerbait gehiago, egun osoko festa izanen da, egun horretan ere Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguneko hirugarren edizioa ospatuko baita Markina-Xemeinen.

13:30ean elkartuko dira bertso eskolak, Uhagonen. 14:00etan bazkaria izanen dute gaztetxean, eta ondotik Mungiako bertso eskolaren emanaldia. Txapelketako saioa aditu ondotik, poteoa izanen dute, Andrabanda Feminista eta herriko bertso eskolakoen esketxekin. 23:00etan gaztetxean hasiko da gaueko festa: Bi bala (Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxagaren emanaldia) eta Fan & Go taldearekin erromeria.

Euskal Herriko 128 herritan daude bertso eskolak, eta 1.700 kide inguru elkartzen dira horietan. Bertso eskolei buruzko informazioa eskuragarri dago: www.bertso-eskolak.com

Harremanak egin eta festa ederra egiteko aitzakia da Bertso Eskolen Eguna. Urtero bertso eskola batek hartzen du bere herrian egun hori antolatzeko ardura, egunean zeharreko ekitaldiak, bazkaria eta lotarako lekuak prestatuz. Urtez urte indartzen ari den ekimena da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun