Bazkideen Eguna ospatuko du Arkupeak elkarteak urriaren 17an

Fernando ETXEBERRIA 2013ko urriaren 3a

48 bazkide omenduko dituzte

Urriaren 17an hitzordu garrantzitsua dute Arkupeak elkartekoek, Bazkideen eguna ospatuko baitute Donezteben. Aurtengoan 48 bazkide omenduko dituzte eta urteroko ohiturari eutsiz, meza eta kiroldegian eginen den bazkari eder batekin ospatuko dute eguna. Bazkalondoan dantzaldia izanen da. Aurten, 50 eta 60 urte ezkondurik eta 85 urte bete­tzen dituzten bazkideak ez ezik, 100 urte bete dituen Modesta Huarte beratarra ere omenduko dute.

Machu Picchu eta Kanariar Uharteetarako bidaiak ere laister izanen dira, eta antolakun­tzatik jakinarazi dute lau pertsonentzako tokia dagoela oraindik. Norbaitek interesa edukiko balu, 948 450878ra deitu beharko luke.

 

LEZO ETA HONDARRIBIAN

Hara eta hona ibili dira irailean Arkupeak elkarteko kideak. Etxetik hurbil dauden txokoetaz gozatuz batzuetan eta hegazkina hartuta besteetan. Irailaren 14an Lezo eta Honda­rribira joan zen 175 bazkideko taldea. Lezon meza aditu eta aizkolari eta harri-jasotzaile saioaz gozatu ondotik, bazkari legea egin zuten Hondarribiako Ardora jatetxean. Ohikoa den bezalaxe, Joseanek girotu zuen bazkalondoa eta zazpirak aldera autobusa hartuta etxerako bidea egin zuten guztiek.

CARLOMAGNOREN BIDEA

Irailaren 10 eta 11n berriz, elkarteko 99 bazkide, bi taldetan banatuta Carlomagnoren bidea egitera abiatu ziren Bilboko aireportutik. Luxemburgo, Brujas, Gante, Dinan, Lieja, Frankfurt… ezagu­tzeko aukera izan zuten. Bidaia erosoa, lasaia eta kultur aldetik oso aberasgarria izan dela adierazi dute bi­daia­riek.

MENDIZALEAK SANTIAGORAKO BIDEAN

Elkarteko mendizaleek, bertzalde, Santiagorako Bidean segitzen dute. Irailaren 24an egin zuten laugarren etapa, Gares eta Lizarra arteko 24 kilometroko bidea. Zirauki eta Lorcan gelditu ziren atseden hartzeko eta14:00 aldera iritsi ziren Lizarrara. Bertako Kanpinean dutxatu eta arropak aldatu ondotik, bazkaldu eta arratsaldeko lauretan abiatu ziren etxe­rantz. Negua baino lehen beste bi etapa egitea aurreikusten dute: urriaren 11n Lizarra eta Urantzia (Los Arcos) artekoa eta urriaren 18an Urantzia eta Biana artekoa. Datorren urtean falta den bidearen erdia eginen da eta erritmo honi eusten badiete, 2015ean bukatuko dute ibilbide osoa. 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun