Natura 2000 sare ekologikoari buruzko bilera egin zen irailaren 24an. Ezkurrako alkatearen eskaerari erantzunez, Nafarroako Gobernuko teknikariak eta Ingurumen Kudeaketa enpresa publikokoak udaletxera hurbildu ziren argibideak emateko asmoz. Natura 2000 Sarea, Europa mailako sare ekologiko bat da, biodibertsitatearen kontserbaziorako eremu bereziek osatzen dutena. Bi helburu nagusi ditu, batetik espezie eta habitat mehatxatuenen biziraupena epe luzera ziurtatzea, eta, bestetik, bioaniztasunean galera geldiarazten laguntzea Europar Batasuna osatzen duten estatuetan. Hala, 2000 urtean Nafarroako Gobernuak interesko lekuak zehaztu eta 42 guneko zerrenda osatu zuen. Haien artean, Belate, Bidasoa Ibaia, Orabideako erreka eta Arxuriko zoikaztegia, Baztan ibaia eta Artesiagako erreka eta Aritzakun-Urritzate-Gorramendi daude. 2005-2007 urteetan zehar, Nafarroako Gobernuak parte-hartze prozesu bat burutu zuen Belateko Batasunaren Intereseko Lekuaren Kudeaketa Planari buruz galdetzeko. Orain, Europar Komisioaren aginduz, azalera berriak gehitzea beharrezkoa izan da, bertan natur balioak zeudelako. Ezkurrako lur komunal eta partikularretako batzuk Belateko Batasunaren Intereseko Lekuaren barnean daudenez, mugen aldaketa honek zein aldaketa eragingo dituen argitzeko deitu zuen bilera alkateak.