Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Leitzaldea, Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubin elizak, ermitak, lur-eremu eta iratze-lekuak, zuhaiztiak, biltegiak eta basilika bat inmatrikulatu ditu Artzapezpikutzak bere izenean, eta Nafarroa osoan 1.087. Horren aurka, ondasunak herriarenak direla iritzita, Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataforma eta Udalen Batzordea sortu ziren duela sei urte. Dagoeneko Nafarroako 150 udal eta kontzejutik gora dira Plataformari atxikimendua adierazi diotenak. Bide beretik, Artzapezpikutzak oraindik bere gain hartu ez dituen ondasunak bere izenean jartzeko deia egin diete udalei.
G. PIKABEA
1999ko abenduaren 14tik 2007ko abuztuaren 14ra bitartean, 80 ondasun inmatrikulatu zituen Iruñeko Artzapezpikutzak eskualdean, eraikin erlijiosoak batzuk eta ondasun arruntak gainerakoak. Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Leitzaldea, Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko 44 eliza, 22 ermita, sei lur-eremu, hiru iratze-leku, bi zuhaizti, bi biltegi eta basilika bat bere izenean erregistratu zituen, Hipoteka Legearen 206. artikuluaren babesean. Legea Francoren denborakoa da, 1946koa, eta honek aitzinetik erregistratu gabeko ondasun higiezin baten jabe egiteko aukera eman zion Elizari, gurtzarako lekuak izan ezik. Baina Espainiako Gobernuak 1998an aldatu egin zuen hori. Jose Maria Aznar presidente zela, dekretu batekin elizak, ermitak eta horrelakoak ere inmatrikulatzeko aukera jarri zuen.
2007an kasualitatez jakin zen Eliza inoren izenean ez zeuden ondasunak bere izenean erregistratzen ari zela, zinegotzi bat ondasun batzuk herriaren izenean jartzera joan zenean. Eta orduan sortu zen Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataforma, ondasunak herriarenak direla defendatzeko. Bide beretik, udalen mugimendu haundia sortu zen, eta Nafarroako Ondarearen Aldeko Udalen Batzordea ere lanean hasi zen. Duela gutti Udalen Batzorde hau berritua izan da, eta Unai Lako Agoizko alkatea izendatu dute lehendakari. Berak azaldu digu, Plataforma eta Udalen Batzordea «norabide berean» ari direla lanean, «baina bakoitza lan esparru desberdinean. Plataformak helburu orokorrak jorratzen ditu, gizarteari begirakoak eta Udalen Batzordeak lan instituzionala bultzatzen du, Parlamentuan edota udal eta kontzejuetan». Hamalau bat herritako alkate eta zinegotzi dira Udalen Batzordea dinamizatzen ari direnak.
Gaur egun, Nafarroako 150 udal eta kontzeju inguruk atxikimendua adierazia diote Plataformari eta tartean badira eskualdekoak: Arantza, Beintza-Labaien, Bera, Donamaria, Etxalar, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Leitza, Oiz, Sunbilla eta Urroz. «Kolore guztietako udalak, eta Nafarroako zonalde guztietakoak», dio Lakok. «Jendeak eta udalek ulertu dute ez dela Elizaren kontrako plataforma edo ekimen bat, denona den ondare aberats baten aldekoa baizik».
Baina aldi berean, Artzapezpikutzak bere izenean paratutako ondasunak saltzen, alokatzen, sarrerak kobratzen... segitzen du. «Adibide aunitz egon daitezke. Elizaren izenean ez daude elizak edo baselizak bakarrik, lur eremuak, pisuak, etxabeak.. ere aurkitzen ditugu eta horiek berak erabiltzen ditu aunitzetan, eta bertze batzuetan alokatu edota saltzen ditu». Bere hitzetan, «herritarren diruarekin eta lanarekin eta instituzio publikoen diru laguntzekin ordaindu diren ondasunak haien onura pribatuetarako ari dira saltzen edo alokatzen».
Nafarroan 1.087 ondasun paratu ditu Elizak bere izenean. Ondasun horiek berreskuratzea «ez da lan erraza izanen» Lakoren ustez, baina garbi du «indartsu jarraitu behar dugula». Gaineratu digunez, «prozesu luzea eta konplexua da, eta aunitzetan herri bakoitzean ezaugarri desberdinak topatzen dira. Horregatik herri bakoitzak bere bidea egin beharko du, baina bidaia-orri bat amankomunean martxan jartzen saiatu behar dugu».
Ondasunak berreskuratzea lan erraza ez dela izanen iritzita, Artzapezpikutzak oraindik bere gain hartu ez dituen ondasunak bere izenean jartzeko deia egina die Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak udalei. Honen harira, zera azaldu digu Batzordeko lehendakariak: «garrantzitsua da herri guztietan gai honen inguruan lan egiteko prest dagoen jendea aurkitzea. Izan ere, erregistrora jo behar da eta han Elizaren izenean egon daitezkeen ondareak zein diren galdetu. Ez badituzte inmatrikulatu, herriaren izenean jarri behar dira, eta aldiz, gu baino azkarrago joan badira eta Elizaren izenean badaude, Plataformari jakinarazi eta gaia salatu». Ondasunak udalen izenean paratzeko Plataformarekin harremanetan jartzeko gomendatu du Lakok.
Bertzetik, udaletara mozioa ere bidalia dute Udalen Batzordetik, Nafarroako Gobernuari herri bakoitzaren ondasunen jatorria eta eskubideen inguruko informazio juridikoa eta historikoa emateko eskatuz. Oraingoz, 60 udalek onartu dute mozioa. «Oso pozik gaude izan duen erantzunarekin», dio Agoizko alkateak. «Udal aunitz dira mozioa babestu dutenak. Oraindik ere batzuetan proposamena jorratzen ari dira». Behin atxikimenduak batuta, Parlamentura babes eske jotzeko asmoa dute. «udalerriei informazio juridiko eta historikoa eskaintzeko eta Eliza Katolikoak bere izenean jarritako ondasunak berreskuratu nahi dituzten udal eta kontzejuei laguntza emateko eskatuko diogu Nafarroako Gobernuari». Horrez gain, Nafarroako Gobernuak diru publikoarekin egiten dituen inbertsioen berri ematea ere nahi dute: «Eliza Katolikoak bere izenean jarritako ondare nafarra konpondu, hobetu eta zaintzeko, ehunekotan ongi zehaztuz kostu osoaren zenbatekoa den Nafarroako Gobernuaren, Estatuaren eta tokiko erakundeen ekarpen publikoa». Lakoren irudiko, «Nafarroako herritarrek eskubidea dute Elizak pribatizaturiko ondareak zer punturaino ordaintzen eta baimentzen dituzten jakiteko».
Honen harira, aipatu, Espainiako Gobernuak datuen babesa baliatuz, 1998tik Elizak inmatrikulatu dituen ondasunen kopurua ematea ukatu diola Ezker Anitzari. Katastroaren Legeak datu hori publiko egitea galarazten duela arrazoitu du.
HELBURUA
«Jendeak eta udalek ulertu dute ez dela Elizaren kontrako ekimena, denona den ondare aberats baten aldekoa baizik»
GOBERNUARI ESKAERA
«Herri-ondarearen jatorri eta eskubideen informazio juridiko eta historikoa eskaintzea eta ondasunak berreskuratu nahi dituzten udal eta kontzejuei laguntzea eskatuko diogu Gobernuari»
Unai LAKO
Nafarroako Ondarearen Aldeko Udalen Batzordeko lehendakaria
‘ESPOLIAZIO HAUNDIENA’
«Nafarroan eman den espoliazio haundienaren aitzinean gaude». Halaxe uste du Udalen Batzordeko lehendakariak. Elizak inmatrikulatu dituen ondasunen artean ez baitira erlijiorako erabiltzen direnak bakarrik: «denetarik dago. Zelaiak, hilerriak, frontoiak, etxebizitzak, etxabeak...». Eta zertarako nahi ote ditu ondasun horiek? Lakoren irudiko, «botere kontua» izan daiteke: «ahalik eta ondasun gehiago batu, indarra erakusteko». Zera gaineratu digu: «aunitzetan, bere izenean jarritako ondare aunitz erabat hondatuta daude. Orduan, dirurik ez dutela argudiatuz, Udalari eta Gobernuari konpontzeko diru laguntza eskatzen dio. Ez du batere zentzurik. Herriaren esfortzuarekin egindako eraikinak herriarenak dira. Ez dira ondasun pribatuak, publikoak baizik».
PRIBILEGIOAK KENTZEKO ESKAERA
Nafarroako ondarearen defentsan, Eliza Katolikoari ondasunak bere izenean jartzeko pribilegioa ematen dien Hipoteka Legearen 206. artikulua baliogabetzeko eskatua dute udalek. Baina ondasunak bere izenean jartzekoaz gain, bertze eskubide edo pribilegio batzuk ere baditu Eliza Katolikoak. Zerga salbuespenak, adibidez. Horren aurka, Elizak ondasun higiezinen zerga ordaintzea onartu du Nafarroako Parlamentuak, baina Espainiako Gobernuak Konstituzionalera eraman du auzia, arau horrek Estatuak Elizarekin dituen konpromisoak ez dituela betetzen argudiatuz. Lakok Plataformaren iritziarekin bat egin du: «herriko bertze edozein jabek egiten duen bezala, Elizak ere bere ondasunengatik zergak ordaindu beharko lituzke. Baita EIOZ zerga ere (Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga), haien jabetzetan obrak eginez gero, hori ordaintzeaz ere libratzen direlako. Berriro ere, Estatuaren eta Elizaren arteko konplizitatea ikusten da hemen, historian behin baino gehiagotan ikusi den bezala».
ETA ORAIN ZER?
Hemendik aitzinera lan «haundia» egin beharko dela dio Agoitzeko alkateak, «oso instituzio haundi eta boteretsuaren aitzinean gaudelako». Bere hitzetan, «gizartea eta instituzioak gehiago aktibatu behar ditugu eta gaiak duen garrantziaz konturatu behar dugu. Ez dugu denbora aunitzik galdu behar, hamar urteren bueltan, inmatrikulazio hauek behin betikoak bihur daitezkeelako». Izan ere, ondasun bat lehendabiziko aldiz erregistratzen denean, hogei urteko epea dago erreklamatzeko.
Bibliografia:
Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma, Escándalo monumental.
www.plataforma-ekimena.org
Pello BORDA Urdazubiko Salbatore eliza eta Alkerdiko kaperaz solasean
«Mendeetan guk zaindu eta mantendu ditugun eliza eta kapera ez dira gureak»
«Lehenago, elizan lan egin edo dirua ematen genuenean, gure elizari laguntzen genion, baina orain ez. Azken aldian, Artzapezpikutzaren elizari lagundu diogu». Hala salatu du Pello Borda urdazubiarrak. Urdazubiko Salbatore eliza eta Alkerdiko kapera, auzolanean, dirua eta eskulana emanez, herritarrek konpondu dituztela dio, eta hortaz, 2004az geroztik Artzapezpikutzaren izenean dauden eliza eta ermita herritarrei itzultzeko eskatzen du: «urdazubiarrok aski maitea dugun Alkerdiko kapera duela 14 urte berritu genuen herritarrok, auzolanean, lana eginez eta dirua emanez. Salbatore eliza, berriz, orain dela 45 urte zaharberritu zen, hau ere auzolanean. Azken bi urteotan berriz egin dira konponketak. Herritar aunitzek kolaboratu genuen garbiketa eta bertze lanetan. Horrez gain, herritarrek 150.000 euro eman genituen obra egiteko, eta bertze 240.000 euro Elizak bideratu zituen, Udalak egin zion erosketa baten diruarekin. Udalak, 240.000 eurotan, lehengo aroztegia zena, apezaren baratzea eta etxea eskuratu zituen, hau da, Udalak hiru ondasun erosi zizkion Elizari, nik eta bertze herritar aunitzek herriarenak zirela kontsideratzen ditugunak». Bordaren irudiko, «lehengo eta oraingo obren artean desberdintasun bat badago: lehen gurea zenean egiten genuen lan eta gurea zen zerbaiterako ematen genuen dirua, eta orain ez. Artzapezpikutzak eliza eta kapera 2004ko buruilaren 29an inmatrikulatu zituen. Inork ez zigun sekula erran inmatrikulazio horiek egin zirenik, hedabideen bidez jakin genuen. Orain, ordea, apeza herritarrez oroitu da eta obran ekonomikoki laguntza eman genezan etxeetara eskutitzak bidali zituen». Urdazubiarraren eskaera argia da: «mende eta urteetan eliza eta ermita zaindu eta mantendu dituen jendearekiko errespetuagatik, 2004ko buruilaren 29aren aitzineko egoera berean uztea eliza eta kapera, hau da, herritarren esku».
Berako Legia karrikako lur-eremuaren kasua
«Nondik nora eta zergatik inmatrikulatu ditu Artzapezpikutzak lur hauek?»
2007ko otsailaren 22an Berako Legia karrikan dagoen 5.050 metro koadroko lur eremua bere izenean paratu zuen Artzapezpikutzak, Jesusen Bihotza ikastetxea eta inguruko lurrak. Baina eskriturak eskuetan dituztela, Berako Erauste eta Xuri borda baserrietakoek diote lur eremu hori ez dagokiola Elizari, eta bere garaian neskentzako eskola erlijiosoa izateko utzia izan zela.
Notario aitzinean sinatutako 1898ko eskrituretan ageri denez, Erauste baserriko Francisca Irazoki Endarak –Xuri bordako Fermin Endara Legia zenaren emaztea– donazio moduan, karitateko mojen eskola eta inguruko lurrak Artzapezpikutzari utzi zizkion, eskola erlijioso batekin segitzeko. Nesken eskola izateko eta klaseak mojek emateko baldintzarekin egin zen donazioa. Noizbait eskola erlijiosoa izateari utziko balio, eta gehienez 25 urteko epean hala segituko balu, utzitako ondasunak Erauste eta Xuri borda baserrikoen esku gelditu beharko luketeela ere biltzen du eskriturak. Azken urteotan mojarik egon ez den garaiak izan diren arren, gaur egun badira.
Nafarroan egin diren inmatrikulazio gehienak 1999tik 2004ra bitartean egin ziren, baina kasu hau 2007an egin zen, mojarik egon ez zen garaian, Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataforma sortu zen urtean eta Artzapezpikutza ondasunak bere izenean paratzen ari zela zabaltzen hasi zenean.
Erauste eta Xuri bordakoek Artzapezpikutzak lur eremu hauek «nondik nora eta zergatik» inmatrikulatu dituen galdetzen dute. Abokatuarekin ere ibili dira, eta eskrituretan garbi gelditzen dela aitortu die, baina kontua zail dagoela. Eskrituretan donazioa Iruñeko erregistroko zein tomotan bildu zen ere paratzen duen arren, artxiboa ez da kontserbatzen, artxibo berriagoak bakarrik dituztelako gordeak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!