Azken urteetako ohiturari eutsiz, herriko gazteek Euskararen Eguna antolatu dute urriaren 11 eta 12ko astebururako. Egun handia larunbata izanen da, baina ostiralean ere zenbait ekintza prestatu dituzte. Pintxo lehiaketa eta mintzaldia eginen dituzte eta mus txapelketa ere jokatuko da.
Urriaren 12a izanen da egun handia. 10:00etan herriko artisauek beraien postuak jarriko ditute plaza inguruan. 10:30ean herriko trikitilariak kalejiran hasiko dira. 11:00etan joaldunak. 11:30ean herriko Muxiko dantzariak. 13:00etan aizkora apustua: Raul Kastro eta Ezekiel Loiarte, Jose Antonio Loiarte eta Mikel Indakoetxearen kontra. 14:00etan bertso bazkaria, Aitzol Barandiaran eta Oihana Bartrarekin. Goiz osoan gazta eta urdaiazpikoaren apustua eginen da. Gaztaren pisua eta urdaiazpikoa zer alturatan zintzilikatua dagoen asmatu beharko da.
Arratsaldean haurrendako tartetxoa izanen da. 15:00etan pelikula bat eskainiko da ludotekan. 16:30ean birtziklapen tailerra izanen da Ines Gerekaren eskutik. Gero, txokolatada izanen da. Ilunabarrean eta gauean musika izanen da Zesuma taldearekin. 21:00etan gazta eta urdaiazpikoaren apustuko sariak emanen dira. 21:30ean karaokea izanen da, kantatu nahi duenarentzat. Musika akituta txiste lehiaketa ere eginen da.