Atzelari moduan debuta eginen du Endika saldiastarrak

TTIPI-TTAPA 2013ko urriaren 2a

Endika saldiastarrak bigarren aldiz "debutatuko" du Galarretan. Artxiboko argazkia

Urriaren 3an Galarretan jokatuko du Ezkurra II.arekin, Segurola eta Olazarren kontra

Nonbait atzelari eskasia dute Oriamendiko koadroan eta Endika Urrutia saldiastarrak, hainbat urte aurrelari moduan aritu ondotik, atzelari gisara debuta eginen du urriaren 3an, ortzegun arratsaldean Galarretan jokatuko den jaialdian.

Nonbait atzelari eskasia dute Oriamendiko koadroan eta Endika Urrutia saldiastarrak, hainbat urte aurrelari moduan aritu ondotik, atzelari gisara debuta eginen du urriaren 3an, ortzegun arratsaldean Galarretan jokatuko den jaialdian.

Orain arte aurrelari aritu bada ere, atzelari jokatzea ez omen da berria saldiastarrarentzat: «Afizionatutan urtebetez aritu nintzen atzelari, baina noski, orain ezberdina izanen da». Profesionaletako bere bigarren debuta izanen dela ere erran daiteke. «Azken asteetan Uterga eta Barrenetxearekin entrenatzen aritu naiz eta ongi ikusten nautela diote, ez dela arazorik izanen».

Oriamendi enpresak eskaini zion atzelari moduan probatzeko aukera, aitzineko koadroetan erremontelari aunitz eta gibelean eskasago dabiltzala ikusita eta Endikak onartu egin du. Beti ere, aurrelari izatera bueltatzeko aukera hor izanen du: «Gauzak ez badira ongi ateratzen berriz ere aurrelari arituko naizela erran naute eta horrek lasaitasuna ematen dit». Orain arte entrenamenduetan somatu duenaren arabera, golpez juxtu xamar dabilela eta sakeetan pilota astintzen ikasi behar duela uste du Endikak, baina jakina, entrenamenduak gauza bat dira eta partidak bertzea.

Endikaren “debuta” ez da izanen ortzeguneko jaialdiko erakargarri bakarra. Lehenbiziko partidan, promozio txapelketan lehen partida jokatuko du Aritz Juaneneak. Aizpurua III.arekin bikote eginez, Etxabe II eta Labakaren kontra ariko da. Partida nagusian, Koteto Ezkurra eta Etxeberria III, Etxeberria IV eta San Miguelen kontra ariko dira.

 

Urriaren 3ko jaialdia Galarretan

Urriaren 3an, ortzegun arratsaldeko 4etan Galarretan hasiko den jaialdian partida hauek ikusteko modua izanen da:

1. Juanenea-Aizpurua III; Etxabe II-Labaka Promozio txapelketa

2. Ezkurra-Etxeberria III; Etxeberria IV-San Miguel

3. Uterga-Ion; Matxin III-Barrenetxea IV

4. Segurola-Olazar; Ezkurra II-Endika

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun