Apirila eta ekaina artean izandako euriteen eraginez, luiziak izan ziren N-121 A errepidean, Belateko tunelaren parean. Errepidea moztu, itxi, berriro ireki... soka luzea ekarri du gibeletik. Orain ezponda egonkortzeko lanak amaituta, azken luizia gertatu zenetik bost hilabete eta erdi pasa direnean, errepideko hiru erreiak ireki dituzte.
Azken luizia, ekainaren 9an gertatu zen eta horren ondorioz, errepidea guztiz itxi behar izan zuten. Hiru errei daude pare horretan, bi Irungo norabidean eta bat Iruñeko noranzkoan. Ekainaren 21ean ireki zuten Irungo norabidean dagoen erreietako bat eta Iruñeko norabidean dagoena uztailaren 29an. Hirugarren erreia ordea, hegaletik hurbilen dagoena, itxita egon da pasa den ostiralera arte, Belateko ezponda egonkortzeko lanak amaitu arte. Irailaren 27an, zabaldu zuten berriro ere osotasunean errepidea eta bertan izan ziren, Yolanda Barcina Nafarroako Presidentea, Luis Zarraluqui Sustapeneko kontseilaria eta Inguruko herrietako ordezkariak. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, «eguraldia ezegonkorra, altueran lanak burutzeak sortzen dituen zailtasunak eta trafikoan eta obran esku hartu duten langileen segurtasuna bermatu beharrak» atzeratu dituzte konponketa lanak.
Egindako lanak
Bost hilabete eta erdi behar izan dituzte lanak bukatzeko eta 1.448.744 euro inbertitu dira. Hegala egonkortzeko, 60 metroko luzerako pantaila bat eraiki dute, izandako luiziarekin zeharka jarrita eta malkarretik 13 bat metrotara, hark hegalaren goialderantz jarrai ez dezan eta NA-1210 errepidera hel ez dadin, Belateko lehengo mendatera, hain zuzen ere. Pantaila eraiki ondoren, eroritako lurraren 20.000 m3 baino gehiago kendu dira. Eroritako zonalde guztia drenatu eta material iragazkiarekin bete da. Gero, 8 metroko altuerako eta 30 metroko luzerako harri-lubeta berria eraiki da luiziaren oinarrian. Gainera, kontrol-sistema bat instalatu da hegalaren edozein mugimendu antzemateko. Azkenik, gainazala landarez estali da eta, azaroan, zuhaitzak jarriko dira, horrek ere lursailari eusten lagunduko diolakoan.