Juanenea eta San Miguel Nafarroako Erremonte txapelketaren finalean izanen dira

TTIPI-TTAPA 2013ko irailaren 30a

Larunbatean, ADANOren alde antolatu zen jaialdiko pilotariak, elkarteko kideekin batera. Utzitako argazkia

ADANOren alde egindako jaialdi mistoan jende aunitz bildu zen Labriteko harmailetan

Nafarroako VIII. Erremonte txapelketa-Magna Sari Nagusiko finalean izanen dira Aritz Juanenea saldiastarra eta Julen San Miguel doneztebarra. Gorka Urtasun iruritarra eta Barrenetxea IV izanen dituzte arerio.

Nafarroako VIII. Erremonte txapelketa-Magna Sari Nagusiko finalean izanen dira Aritz Juanenea saldiastarra eta Julen San Miguel doneztebarra. Gorka Urtasun iruritarra eta Barrenetxea IV izanen dituzte arerio.

Juaneneak eta San Miguelek 35 eta 40 irabazi zieten larunbatean Labriten Urriza eta Agirrezabalari, partida bikain eta berdindu baten ondotik. Larunbateko jaialdiko sarrera osoa ADANO elkarteari bideratu zaio eta jendetza bildu zen Iruñeko frontoian.

Erremonte partidaren aitzinetik, eskuzko partida ere jokatu zen eta Diaz eta Iturriagak 22-9 irabazi zieten Mikel Goñi eta Etxamendiri.

 

Igandean Agoitzen

Nahiz eta bi bikoteak finalerako matematikoki sailkatuak egon, igandean Agoitzen Nafarroako erremonte txapelketako finalerdietako ligaxkako azken partida jokatu behar izan zuten Juanenea eta San Miguelek, Urtasun eta Barrenetxea IV.aren kontra. Hau ere partida orekatua eta gogorra izan zen eta azkenean, Juaneneak eta San Miguelek 40-38 irabazi zuten. Gisa honetara, Saldiaskoak eta Doneztebekoak txapelketa honetan jokatu dituzten partida guziak irabazi dituzte.

Finalean ere elkarren kontra izanen dira bi bikoteak. Zubiriko pilotalekuan jokatuko dute azken partida urriaren 13an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun