Behobia eta Bertiz lotuko ditu irailaren 29an eginen den BTT martxak. Bertizko Turismo Partzuergoak antolatu du seigarrenez, eta aitzineko urteetan bezalaxe bi ibilbide jarri dituzte aukeran, helduendako bata eta haurrendako bertzea.
Ibilbide nagusiak 42 kilometroko luzera du eta Behobia eta Bertizko Naturgunea lotzen ditu. Haurrendako prestatutakoak berriz, 15 kilometroko luzera du, Behobiatik abiatu beharrean, Sunbillatik hasiko baitute ibilbidea. Izen emateak egunean berean egin beharko dira. Ibilbidearen hasierako puntuetara joateko garraioa ere jarriko dute Bertizetik, helduak Behobiara eramateko 10:15ean eta haurrak Sunbillara 11:30ean. Bi taldeak 13:30 inguruan iritsiko dira Bertizera. Ondotik opari banaketa eta jaki tipikoen dastaketa eginen dituzte.