Frontoi laburreko Nafarroako zortzigarren Erremonte txapelketako finalerdietako ligaxkako bi partida jokatu ziren larunbatean Doneztebeko udal pilotalekuan. Endika eta Etxeberria III.ak 30-40 galdu zuten Juanenea eta San Miguelen kontra eta Urriza eta Agirrezabalak 36-40 galdu zuten Urtasun eta Barrenetxea IV.aren kontra.
Gauzak honela, Endika eta Etxeberria III.ak bi partida jokatu eta biak galdu dituztela kontuan hartuz, ez dute finalerako sailkatzeko aukerarik. Aldiz, Urtasun eta Barrenetxea IV.ak jokatutako bi partidak irabazi dituztenez, finalean daude. Urrizak eta Agirrezabalak ere jokatu dituzten bi partidak galdu dituzte, baina tanto dexente lortu dituztenez, oraindik badute finalean sartzeko aukeraren bat. Horretarako, larunbat honetan Labriten Juanena eta San Miguelen kontra jokatu behar duten partida irabazi egin beharko lukete nahitaez, eta gainera, hauek ligaxkako azken partida ere galdu egin beharko lukete Urtasun eta Barrenetxea IV.aren kontra. Aldiz, Labriteko partida Juaneneak eta San Miguelek irabaziko balute, zuzenean sailkatuko lirateke finalerako, azken partidaren esperoan egon beharrik gabe. Aritz Juaneneak erakutsi du frontoi laburrera ere ongi egokitzen dela eta momentuko atzelaririk onenarekin bikote beldurgarria osatzen du.
Larunbateko jaialdia Labriten
Aipatu bezala, finalerdietako ligaxkako hurrengo partida irailaren 28an, larunbat arratsaldeko 6:00etan hasiko den jaialdian jokatuko dute Urriza eta Agirrezabalak, Juanenea eta San Miguelen kontra. Partida haundia, dudarik gabe. Aitzinetik, eskuz, Mikel Goñi eta Etxamendi, Diaz eta Iturriagaren kontra ariko dira. Iruñean San Fermin Txikito ospatzen dutenez, jendetza espero da hiriburuko pilotalekuan. Gainera, jaialdiko sarrera Nafarroan minbizia duten umeei laguntzen dien ADANO elkartearentzat izanen da. Labritera hurbiltzeko bertze arrazoi bat.