Nafarroako Herriz Herri Txapelketako lehen proba konbinatuan (lokotx biltzen, zaku lasterketan, aizkoran, lasterka eta arpanean) eta bigarren proba konbinatuan (txinga eramaten eta ingude altxatzen), bietan nagusitu da Berako taldea aurten. Joan den abuztuaren 31n jokatu zen Herri Herri Txapelketaren azken jardunaldia Berriozarren eta egun horretan etxeko taldeak irabazi zituen bi proba konbinatuak. Baina aitzineko jardunaldietako emaitzak kontuan hartuz, Bera izan zen txapeldun.
Aurtengo Herriz Herri Txapelketan Berriozar, Menditarrak, Arraioz eta Berako taldeak parte hartu dute eta honela gelditu da sailkapena: lehen proba konbinatuan, Bera txapeldun, bigarren Menditarrak, hirugarren Arraioz eta laugarren Berriozar. Bigarren konbinatuan, Bera txapeldun, Berriozar bigarren, eta Arraioz eta Menditarrak hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren. Bigarren konbinatuan berdinketa egon zen hirugarren posturako eta berdinketa hausteko ingude proba egin zuten. Honetan Arraiozek irabazi zuenez, hirugarren postua beretzat izan zen.
EUSKAL HERRIKO TXAPELKETAK
Uda honetan jokatutako Euskal Herriko herri kirol txapelketetan eskualdeko kirolariak ibili dira. Orga joko txapelketan, erraterako, Lazaro Bujan leitzarrak parte hartu du. Emakumezkoen Euskal Herriko Txinga Eramate Txapelketan, Iturenen bizi den Nagore Diaz nagusitu da eta Lesakan bizi den Santa Sousa bigarren izan da. Euskal Herriko Lasto Altxatze Txapelketan, azkenik, Eneko Telletxea eta Arkaitz Retegi igantziarrek parte hartu dute.