Arantzazu eta Loiolara bidaia egin du Arkupeak elkarteak

Ttipi-Ttapa 2013ko irailaren 23a

Arkupeak elkarteko bazkideak Arantzazun ageri dira Argazkiak Fernando Etxeberria

Aspaldiko ohiturari eutsiz, Arkupeak elkartea Arantzazura joan da, Bederatziurreneko lehen egunarekin batera. Aurtengoan 267 bazkide joan dira bost autobusetan. Elizkizunak, Pello Zabalak gidatutako penitentzia bateratuarekin. Ekitaldia bukatzerakoan, frantziskotarrengana hurbildu ziren, hauek eskuak buru gainean jarriz barkamena ematen baitzuten. Ondotik, 15 apaizek emandako meza ospatu zen. Ahots ede­rreko abesbatza mistoa aritu zen eta elizan bil­dutakoek ere beraiekin kantatzeko aukera izan zuten. Berriz ere autobusa hartu eta Kiruri jatetxean bapo bazkaldu zuten eta Joseanen musikarekin gozatu zuten bazkalondoan.
 
BIDAIA GEHIAGO
Irailaren 10 eta 11n, elkarteko 105 bazkide Carlomagnoren bidea egitera joan ziren, bi taldetan banatuak. Irailaren 14an Lezora joatekoak ziren. Hurrengo alean emanen dugu ateraldi hauen berri.
 
Elkarteko mendizaleek, bere aldetik, Santiagorako Bidean segi­tzen dute. Hiru etapa egin dituzte dagoeneko eta laugarrena Gares eta Lizarra artekoa izanen da, 24 kilome­tro. Negua baino lehen beste bi eginen dira : Lizarra eta Urantzia (Los Arcos) artekoa eta Urantzia eta Biana artekoa. Datorren urtean, falta den bidearen erdia eginen da eta 2015ean bukatuko da ibilbide osoa. 
 
MACHU PICCHU
Irailaren 6an, Machu Picchura joateko izen emandakoen bilera egin zen. Barceló Bidaiak enpresako arduradunaren azalpena oso interesgarria izan zen eta bidaiariak lasaitu zituen, Cusco inguruko altueragatik inolako arazorik ez dela esaterakoan. Azaroaren 10etik 22ra eginen dute bidaia, han udaberria denean.
 
Urte bukaera baino lehen beste bi bidaia gelditzen dira egiteko: Lodosara eta Lizarrarakoa eta Kanariar Uhartetakoa, Tenerifera zehazki. Honen informazio zabala ematen da elkartearen azken boletinean. Aldizkari honen gai nagusia bazkidearen eguna da eta bertan eginen diren omenaldien artean, ehun urte bete dituen Modesta Huarte Iñarrearena azpimarratzen da.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun