Euskaltzainburu ohiaren heriotzak oihartzun haundia sortu du irail hastapenean. Haritschelhar 90 urtetan zendu da barkatzen ez duen gaitzaren kontra borrokatuta. Urteetan ez da alfer egon, Euskatzaindiako burua izateaz gain, irakaslea, Baionako euskal museoko zuzendaria, Baigorriko auzapeza, pilota eta bertsularitza sustatzailea izan baita bertzeak bertze. «Euskalduna sortzez, frantsesa legez eta europarra ametsez» molde hortan erakusten zuen bere burua, fermuki baina baita ere beti ezagutu diogun irriarekin. Enbata eta Herria astekarietan idazten zuen Haritschelhar zenak eta hortaz zion: «Tinta dut beltza, baina ez dut nehor beltzatzen; luma dut xorrotxa, baina ez dut nehor zauritzen». Baigorriko semeak lotura hertsia zuen gure herriarekin berriki arte urte guziz etortzen baitzen Herri Urratserat. Bertan, euskararen aldeko mintzaldi sutsuak eskaini izan ditu behin baino gehiagotan. Gainerat, Euskaltzaindiak Senperen apailatu izan dituen ekitaldietan ere parte hartu zuen.