Abuztuan ireki zituen ateak Tito Gorostiagak zuzenduko duen Ezkurrako aterpe berriak. Bi logela handi ditu, 30 bat literekin eta erabilera anitzeko aretoa. Gainera, beheko solairuan kokatua dago, frontoirako sarbidearekin eta horregatik eroso suertatzen da eskola-umeentzat nahiz jubilatuentzat. Modu honetan, errepidera ateratzea ere saihesten da.
Ez da ohiko aterpea, izan ere arduradunaren asmoa kultur jarduerak, ibilbideak eta inguruan dauden toki interesgarrietara bisitak egitea baita. Horretarako, Basojaun izenarekin webgunea ere sortu du (http://basojaun.com) eta bertan mendiarekin eta aisialdiarekin lotutako hainbat jarduera proposatzeaz gain, gaztanbera, gazta edo taloak nola egiten diren ere azaltzen du. Gaztainak, basakaranak edo onddoak biltzeko ateraldiak antolatzeko aukera ere ematen du.