Heldu aunitzek ez zuten euskaraz ikasteko aukerarik izan, ondorioz, euskara etxean jaso zutenek euskaraz irakurri eta idazteko zailtasun aunitz dituzte. Eta etxean jaso ez zutenetako aunitzek ez dakite euskaraz. Gure eskualdean, helduen artean euskaraz ez dakitenen kopurua altua dela ikusita, euskaltegian matrikulatzeko kanpaina abiatu dute Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Malerrekako Mankomunitateak, Baztango Udalak eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak.
Euskararen normalizazioa lortzeko helduen adin tartean eragitea «estrategikoa» dela uste dute Euskara Zerbitzuek, eta hori dela eta, helduak euskaltegian izena ematera animatu dituzte: «euskaraz ez dakitenek ikasteko aukera izanen dute, eta dakitenek etxean jaso duten euskara hobetzeko aukera izanen dute eta euskaraz idazten eta irakurtzen ikasiko dute».
Gure eskualdeetan lanean ari diren euskaltegiek urteetako esperientzia eta eskarmentua dutela oroitarazi dute: «euskara irakasteko metodo errazak erabiltzen dituzte eta aurrez aurreko klaseak eskaintzeaz gain, internet bitartez egiten diren ikastaroak ere eskaintzen dituzte». Gainera, euskaltegian izena emateak ekartzen duen gastua arintzeko Euskara Zerbitzuek diru-laguntzak eskaintzen dituzte. Bortzirietan Euskara Mankomunitateak ikasle, langabe eta zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonentzako diru-laguntzak eskaintzen ditu (948 634125); Malerrekako Mankomunitateak ikasle eta langabeentzako diru-laguntza eskaintzen du (948 451746); Baztango Udalak euskara ikasleendako diru-laguntzak ematen ditu (948 580006) eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak ikasle guztiendako bekak eta langabeendako diru-laguntza bereziak ematen ditu (948 504400, 948 510814 edo 948 305134).
EUSKALTEGIAK
• Lesaka: 948 637796
• Doneztebe: 948 451555
• Leitza: 948 610776
• Elizondo: 948 452471
• Larraintzar: 948 604704
• Lekunberri: 948 604704
Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldeko IKA euskaltegietan irailaren 30era arte matrikula daiteke, eta Baztango AEKn irailaren 26an akituko da matrikulatzeko epea.
EUSKALTEGIAN EUSKARAZ IRAKURTZEN ETA IDAZTEN IKASI DUTENEN BIZIPENAK
Ana LARRETXEA | ARANTZA
«Euskaraz alfabetatuta, haurrekin izugarrizko diferentzia somatu dut»
«Euskaraz betidanik dakit, baina erdaraz ikasi nuen; ez nekien euskaraz ongi idazten. Orduan alfabetatzera joan nintzen, eta gero haurrekin izugarrizko diferentzia somatu nuen. Hagitz ongi heldu da eurekin etxeko lanak egiteko, gauzak esplikatzeko, denetarako. Lan arloan ere hagitz baliagarria suertatu zait, bezeroekin egoki solasteko, eta gauzak gustuz egiteko. Gure eskaintza guztia euskaraz da».
Ana TOVAR | DONEZTEBE
«Seme-alabak euskaraz bizi dira eta euskara ez badakizu, gauza asko galtzen dituzu»
«Alaba bat izan nuen eta orduan euskara jakitea garrantzitsua bihurtu zen niretzat. Euskara ez banu ikasi, ez dakit nola ibiliko nintzatekeen eskolako lanetan laguntzeko, edo lagunekin zertaz ari den jakiteko, edo bere bizitza bera jarraitzeko. Gure seme-alabak euskaraz bizi dira eta euskara ez badakizu, gauza asko galtzen dituzu, eskolako kontuak, lagunekin duen harremana eta beste hainbat gauza»
Patxi SAENZ | LEITZA
«Ni ere euskaltegian aritua naiz, eta oso ongi etorri zitzaidan»
«Aurrera kirol elkarteko idazkari naizenez, askotan egokitzen zait idatziak euskaraz egitea: baimenak, txostenak, aktak... Elkarte barruko harreman guztiak euskaraz izaten dira, eta beraz, oso egokia iruditzen zait horrelako lanak aurrera eraman ahal izateko euskaraz alfabetatua egotea. Ni ere euskaltegian aritua naiz, eta oso ongi etorri zitzaidan».
Begoña ARANGOA | IRAIZOTZ
«Euskaltegian ikasitakoari esker orain daukadan lana lortu nuen»
«Ultzamako udaletxean egiten dut lan, administrari laguntzaile gisa. Txikitatik ikasi nuen euskara, baina pixka bat bakarrik; eta gero, gehiago ikasi nahi nuen, eta euskaltegira joan intzen. Euskaltegian oso ongi pasatu nuen, eta gainera, horri esker orain daukadan lana lortu nuen. Ultzamako udaletxean oso pozik nago, euskara erabiltzen dut, jendearekineuskaraz hitz egiten dut eta oso ongi doa nire bizitza».