Aurreiritzi eta estereotipo aunitzekin topo egin dute, baina arian arian xehetzen da burnia. Gustoko duten horretan trebatzen ari dira eta dagoeneko lortu dituzten sari pila dira lan horren adierazle. Taldearen babesa azpimarratzen dute guztiek, bakarka aritzea baino errazagoa baita besteen babesean bidea egitea.
Duela zortzi urte inguru sortu zuten Oronoz-Mugairin Larretxea anaiek Baztan Bidasoa Gure Kiroletako Kluba. Herri kiroletan aritu nahi zuenari «taldean entrenatzeko aukera emateko» asmoz hartu zuten erabakia. Hasiera hartan taldekide guztiak gizonezkoak ziren arren, pixkanaka portzentajeak aldatzen joan dira eta egun, «emakumez oso aberatsa» den taldea osatu dute, 14 gaztek entrenatzen dute bertan eta erdiak emakumeak dira.
HASIERA
Zerotik hasi ziren gehienak. Trontza, aizkora, harriak edo txingak urrutitik ikusita zituzten baina esku artean hartzekoak. Binaka edo bakarka jo zuten Oronoz-Mugairiko lokalera eta lehenengo aldi haietaz galdezka hasita, antzeko esaldiak errepikatzen dituzte «hagitz gogorra iruditu zitzaidan», «hurrengo egunean ez nintzela itzuliko esaten nion nire buruari». Ez zen hala izan ordea, itzuli egin ziren hurrengo egunean eta baita hurrengoan ere. Hala, beteranoenek lau urte daramatzate dagoeneko eta hasi berrienek zortzi hilabete. Guztien «bizitzaren parte» bihurtu dela diote, «entrenamenduren batera huts egiten badugu, faltan botatzen dugu. Kirol hau terapia bihurtu da. Gorputzari astindu eder bat emanda, beti zoriontsu bueltatzen gara etxera» erran digute neskek. Larretxeak gaineratu digu, «oso azkarrak» izan direla beraien funtzionamendua hartzen» eta horren zergatia argia dela uste du «herri kirol munduan sartzeko nahia eta ilusioa nabari zaizkie eta emakume indartsu eta borrokalariak dira, ez dira erraz ikaratzen». Neskek horretaz gain, taldeak emandako «laguntza» azpimarratzen dute, bereziki Patxirena, baina baita taldeko beste mutil eta laguntzaileena ere, «familia bat gara dagoeneko eta lehenengo egunetik sentitu dugu hori». Entrenamenduetatik kanpo ere nabaria den giro ona, Oronoz-Mugairiko lokaleko goiko pisuan duten sukaldeko mahaiaren bueltan elkartzen baitira aunitzetan «entrenamendu on batek, afari eder bat merezi du» diote barrezka.
MODALITATE DESBERDINAK
Hasieran kirol modalitate batean zein bestean probatzeko aukera izaten dute «bakoitzari hobekien zein egokitzen zaion jakiteko». Izan ere, «ideia batekin etorri eta batzuetan bertze kirol batean hobekiago moldatzen direla ikusten dute» azaldu digu Larretxeak. Horretaz gain, erakustaldiak egiteko ere, komeni da kirolari bakoitza «modalitate bat baino gehiagotan trebatua egotea, aukerak zabaldu eta joko gehiago ematen duelako».
BERDINTASUN EZA
Egiten duten lana lokaleko lau paretetatik haratago zabaltzen saiatzen dira eta sona gehiena txapelketek ematen dieten arren, «erakustaldietan parte hartzea ere beharrezkotzat» jotzen dute «plazara irten eta kirolean gozatzeko aukera» ematen dietelako «txapelketako presio eta urduritasunetik kanpo». Aukera bai, baina nahi baino ttikiagoa dela salatzen dute taldekideek «bestetako kartelei begiratzea nahikoa da berdintasun ezaz konturatzeko. Herri kirolak antolatzen dituztenean emakumeak falta dira askotan». Eta hor agertzen dira beren hitzetan bideko aldapa gogorrenetakoak «erraztasunik ez badigute ematen, beti gabiltzalako bulkaka, bortxaka bezala».
EMAITZA BIKAINAK
Baina ez dute etsiko eta orain arte bezalaxe, emaitza bikainek isilaraziko dituzte mingainik zorrotzenak. Orain arteko palmaresean dituzte Nafarroako eta Euskal Herriko arpana eta txinga txapelketako lehenengo postuak.
Etorkizunean ere gogor lanean segiko dute, plazetan gizon eta emakumeentzat, bientzat, nahikoa leku badagoela erakutsiz.
TALDE IZAERA
«Gure artean talde izaera oso estua sortu da. Nik argi daukat, Patxik eta taldeak herri kiroletan segi bitartean, nik ere ahal badut segi eginen dudala».
Xanta SOUZA
IKASGAIAK
«Zerbait egiten ez dakigula edo zerbaitetarako balio ez dugula esan aurretik saiatu egin behar dela erakutsi digu entrenamendu bakoitzak».
Itxaso ONSALO
SENTIPENAK
«Batzuk ulertzen ez duten arren, herri kiroletan arituta zoriontsu gara. Kirolari eta taldeari lotuta sentitzen gara eta aldi berean gure buruarekiko aske».
Leire ASTIAZARAN
TALDEAREN LAGUNTZA
«Materiala lortu eta landu egin behar da entrenatzen hasi aurretik. Taldean arituta, elkarri laguntzen diogu eta horrela lana ez da hain nekeza».
Nerea IZUZKIZA
ASKE SENTITZEKO
«Entrenatzera etortzea, burua egunerokotasunetik ateratzeko modua da, ihes egiteko bidea. Denok beharrezkoa dugun terapia bihurtu da».
Estitxu ALMANDOZ
LORTUTAKO EMAITZAK
«Hasiera ez zen erraza izan, herri kiroletan hasi behar duzula, nolatan eta zertarako? galdetzen zidaten. Baina gu kontent ikusita denak kontent dira orain».
Nerea SORONDO
KRITIKAK
«Herri kiroletan aritzen garela esatean, jendea harritu egiten da. Baina kritikei kasu eginen bagenie ez ginateke hemen egonen, paso egin eta kitto!».
Amaia GARTZIA
Patxi LARRETXEA, BAZTAN BIDASOA GURE KIROLETAKO KLUBA Taldeko entrenatzailea
«Bazterretik talde polita osatu dugula diote, baina gero jorratzeko inork ez du ematen ondora lurrik»
Herri kiroletan aritu nahi dutenei aterpea eskaintzen diete Oronoz-Mugairin, «gizon edo emakume, herri kiroletan aritu nahi duten guztientzat ditu irekita ateak. Ez da egin behar zu ahariko hara, zu urruxa hona» azaldu digu Larretxeak. Talde lana eta berdintasuna bihurtu dira Baztan Bidasoa Gure Kiroletako klubaren giltzarriak, «entrenatzen hasi aurretik eta ondotik egin beharreko prestaketak denon artean egiten ditugu. Emakumeek ez dute egin behar gizonezkoek baino gehiago eta ezta gutxiago ere. Inor ez da bazterrean begira egoteko etortzen hona, taldea gara eta batera aritu behar dugu». Herri kirolean ari direnei benetako babesa eman beharko litzaiekela aldarrikatzen du «plazara joanez, baina baita erakundeetatik bultzatuz ere». Bere ustez, aunitzetan «emakumeen kirola bultzatu behar dela esan baina guztia putzu huts batera erortzen baita. Hitzezko babesa lortzen da, baina bertzelakorik ez». Dena den «etorkizun gero eta hobea» ikusten duela dio, «beharrezkoa den babes hori lortzen badute, kirolari aski onak ditugulako gurean». Lanean segi besterik ez dago, «tiki taka» herri kirolaren eta berdintasunaren plazetan irabazle irteteko.