Euskal Artzain Amerikanoen Eguna ospatuko dute irailaren 21ean Donibane Garazin

TTIPI-TTAPA 2013ko irailaren 20a

Ameriketan euskal artzainek zer bizimodu egiten zuten ikasteko egun ederra izaten da. Artxiboko argazkia

Larunbat goizeko 8etan bortz autobus aterako dira eskualdetik

Euskal Artzain Amerikanoen Eguna ospatuko da irailaren 21ean, larunbatean, Donibane Garazin eta ziur garai bateko kontuekin batera, berriki egin duten bidaia bateko kontuak ekarriko dituztela gogora.

Euskal Artzain Amerikanoen Eguna ospatuko da irailaren 21ean, larunbatean, Donibane Garazin eta ziur garai bateko kontuekin batera, berriki egin duten bidaia bateko kontuak ekarriko dituztela gogora.

Egitarauari dagokionez, 10:00etan zintzur bustitzea eginen dute Merkatuko Plazan. 11:00etatik 12:00etara denbora librea izanen dute artzainek Donibane-Garazi bisitatzeko. 12:00etan aizkora saioa jokatuko da: Daniel eta Iker Vicente aita-semeak Donato Larretxearen kontra ariko dira eta Vicentek berak motozerrarekin erakustaldia eginen du. 13:30ean highball hartuko dute eta gero bazkaria izanen da, Iparraldeko kantariek alaitua.

Eskualdetik abiatuko diren autobusei dagokienez, goizeko 8:00etan Arraiozetik abiatuko da bat eta Irurita eta Elizondoko jendea hartuko du. Ordu berean, Ordokiko bidegurutzetik abiatuko da bigarrrena eta inguruko herrietakoak eta Urdazubi-Zugarramurdikoak bilduko ditu. Malerrekan, goizeko 8:00etan aterako da autobusa Zubietatik eta Doneztebe bitarteko jendea hartuko du. Ordu berean, Legasatik abiatuko da bertze bat eta Sunbilla, Berrizaun, Bera eta Saran hartuko du jendea. Bortzirietan, 08:00etan aterako da autobusa Etxalarretik eta Lesakan eta Irunen hartuko du jendea. Behin besta bukatuta, 19:00etan abiatuko dira autobusak Donibane Garazitik bueltan.

2006an Lesakan ospatzen hasi zirenetik urtero egin da Euskal Artzain Amerikanoen Eguna. 2007an Aldude eta Gernikan, 2008an Elizondon, 2009an Auritzen, 2010ean Sunbillan, 2011n Eugi-Zubirin eta 2012an Iruñean egin da.

 

Berriki Ameriketan ibiliak

Irail hasieran Ameriketan barna ibiliak dira 81 euskal artzain eta bere senideak, joan den mendean egindako bidaiaren arrastoan. Bertan ongi etorri goxoa izan zuten eta harat eta honat ere ibili ziren: Chinoko piknikean parte hartu zuten, Bakersfielden izan ziren eta Fresnon Antonio Camposen rantxoan barbakoa izan zuten. Campos-i esker, Renoko Unibertsitateak gure artzainen emigrazioari buruzko tesi bat egiteko aukera eman dio lau urtez Nafarroako historia lizen­tziatu bati. Azkenik, San Francisco aldera jo zuten 81 bidaiariek, bertako Euskal Etxean artzainekin elkartu ez ezik, turismoa egiteko aukera izan zuten. San Franciscoko Euskal Etxean 200 bat lagun bildu ziren eta bidaiaren bukaera bezala, artzain guziek elkarrekin argazkia atera zuten, Bakersfielden oparitutako kamiseta eta bidaian eraman duten zapiarekin. Painulu honetan, honako lelo hau irakur daiteke: “Euskal artzainak in California, berriro hemen, Hello!”. Artzainek adierazi dutenez, bidai zoragarria bizitu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun