Galdakaon (Bizkaia) jokatu zen Euskal Herriko master mailako txirrindularitza txapelketa eta Elizondoko Ion Zeberiok (Transbidasoa-Euromaster-Sinertecnic) senior mailan eta Patxi Meokik (AEL) master50 mailan txapela lortu zuten; Iñaki Villoria (Transbidasoa-Euromaster-Sinertecnic) Iruritarrak 3. postua lortu zuen master40 mailako txapelketan.
91 kilometroko ibilbidea oso azkarra zen bere lehen bi herenetan eta azken herenean Sarasola eta Zaratamoko gainak zituen. Hasieratik ihesaldi saiakera aunitz egon ziren, baina bakarrak ere ez zuen lortu aintzinera egiterik. Ibon Urtiaga (Transbidasoa-Euromaster-Sinertecnic) arras ongi aritu zen lehen zati honetan zehar, ihesaldietan sartuz eta ihesaldi arriskutsuak ekidituz.
Sarasolako gainera iritsi aurretik Iñaki Villoria, Portillorekin eta Paciosekin ihes egin zuen eta bazirudien helmugara iritsiko zirela. Portillo izan zen hiruretan indartsuena eta bakarrik helmugaratu zen, bere bi iheskideak tropelaren aurretik osatutako taldetxoak harrapatu zituen.
Portilloren gibeletik zazpikote bat helmugaratu zen, hauen arteko espritean Ion Zeberiok 3. postua lortu zuen eta bere mailako txapela, hurrengo taldetxoan sartu zen Iñaki Villoria 13. postuan. Bertze taldetxo batean Meoki helmugaratu zen 25. postuan master50 mailako txapela eskuratuz. Trasnbidasoa taldeko Txutxin fernandez 37., Joxe Mari Goia Igantziarra 39., Joxe Angel Mitxelena Lesakarra 44., Goienetxe Lesakarra 70. eta Transbidasoako Ibon Urtiaga 84. helmugaratu ziren. Luziano Mitxelena Lesakarrak eroriko baten ondorioz froga utzi behar izan zuen.