'Euskaraz bizi nahi dut' lasterketa herrikoia eginen dute igandean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2013ko irailaren 25a

Aurten bigarren aldiz eginen da Euskaraz BIzi Nahi Dut lasterketa.

Izen-ematea Internet bidez edo lasterketa egunean egin daiteke

Adinaren arabera banatutako bortz ibilbide prestatu dituzte. Haurrak 11:00etan abiatuko dira eta helduak 12:00etan. Parte hartzeko, 15 urtez azpikoek 2 euro ordaindu beharko dituzte eta 15 urtez goitikoek 5 euro.

Aurten bigarren urtez, Euskaraz Bizi Nahi Dut dinamikaren baitan herri lasterketak eginen dira Euskal Herriko hainbat txokotan eta Malerrekakoa igande honetan, irailak 29, eginen da Donezteben. Malerrekako Euskara Zerbitzuak bertze hainbat erakunderen laguntzarekin antolatu du lasterketa, eta adierazi dutenez, «asmoa ez da lasterketa konpetitibo bat egitea, jai giroan ongi pasatzea baizik». Lasterketak ez du sailkapenik izanen eta ibilbide osoa egin gabe ere, nahikoa izanen da izena eman eta norberak ahal duen arte lasterka egitea.

Adinaren arabera banatutako bortz ibilbide prestatu dituzte: 5 urte artekoek 200 metroko ibilbidea izanen dute, 6 eta 10 urte bitartekoek 450 metrokoa, 11 eta 14 urte bitartekoek 900 metroko ibilbidea, 14-18 urtekoek 2.200 metrokoa eta 18 urtetik goitikoek 4.400 metroko ibilbidea izanen dute.Ttikien lasterketa 11:00etan hasiko da eta helduena, berriz, 12:00etan, biak ere udaletxe ataritik.

Lasterketan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izanen da. Eta horretarako bi aukera daude: aitzinetik Internet bidez www.euskarazbizinahidut.org webgunean. Hala eginez gero, lasterketa egunean ziurtagiria eraman beharko da antolatzaileek dortsala emateko. Bertzetik, egunean bertan ere ematen ahal izanen da izena udaletxeko atarian, 10:30etik aitzinera. 15urtez azpikoek 2 euro eta 15 urtetik goitikoek 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Lasterketa akitzean, partehartzaile bakoitzari diploma banatuko zaio eta ondotik zozketa bat ere eginen da parte hartu duten pertsonen artean. Gisa beran, lasterketan parte hartzen dutenek Euskaraz Bizi Nahi Dut kamisetak bortz eurotan erosteko aukera ere izanen dute. Normalean 10 eurotan izaten dira salgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun