Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko saio bat Elizondon jokatuko da azaroaren 23an

TTIPI-TTAPA 2013ko ira. 18a, 10:42

Duela lau urte txapeldun izan zen Maialen Lujanbio zuzenean sailkatua dago abenduaren 15ean jokatuko den finalerako. Artxiboko argazkia

43 bertsolari ariko dira lehian irailaren 29tik aitzinera eta horietako bat, Maialen Lujanbio txapelduna, zuzenean abenduaren 15ko finalerako sailkatua dago

Lau urteko itxaronaldiaren ondotik, irailaren 29an Villabonan (Gipuzkoa) jarriko da martxan Bertso Txapelketa Nagusiko zurrunbiloa. 43 bertsolarik abiatuko dute ibilbidea, txapela beltzaren itzalaren bila. Tartean, eskualdeko hiru ordezkari izanen dira, lesakarrak hirurak: Eneko Fernandez, Erika Lagoma eta Xabier Silveira. Silveirak laugarrenez hartuko du parte Txapelketa Nagusian, Lagomak bigarrenez eta Fernandezek estreineko aldia izanen du.

Lau urteko itxaronaldiaren ondotik, irailaren 29an Villabonan (Gipuzkoa) jarriko da martxan Bertso Txapelketa Nagusiko zurrunbiloa. 43 bertsolarik abiatuko dute ibilbidea, txapela beltzaren itzalaren bila. Tartean, eskualdeko hiru ordezkari izanen dira, lesakarrak hirurak: Eneko Fernandez, Erika Lagoma eta Xabier Silveira. Silveirak laugarrenez hartuko du parte Txapelketa Nagusian, Lagomak bigarrenez eta Fernandezek estreineko aldia izanen du.

Hamalau saiok osatuko dute 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Saio horietatik bakarra jokatuko da eskualdean, Elizondon, azaroaren 23an, baina finalaurreko saioa izanik, bertan abesteko txartela aurrez irabazi behar. Eskualdeko ordezkarien artean, Eneko Fernandez izanen da errima eta doinuekin dantzan aritu beharko duen lehena. Markina Xemeingo udal pilotalekuan urriaren 5ean jokatuko den kanporaketan abestuko du. Erika Lagoma eta Xabier Silveira berriz, elkarren arrimoan izanen dira, Altsasun urriaren 13an jokatuko den kanporaketan abestea egokitu baitzaie biei.

Finala abenduaren 15ean jokatuko da, hirugarren aldiz Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n.

Sarrerak, internet bidez erosteko aukera izanen da www.bertsosarrerak.eu ­orrialdean eta baita aurrez zehaztutako salmenta puntuetan ere. Kanporaketako sarrerak, 10 euro balio dute, bazkideek 6 euro ordaindu beharko dituzte eta gazteek 4.

 

Txapelketa interneten

Elkarren osagarriak diren bi webgune ditu aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiak.

www.bertsozale.com: 2012ko amaieran berritu zen Bertsozale Elkartearen webgunea eta bertan Txapelketa Nagusiak azpiatal berezia du. Txapelketari dagokion informazio osoa izando da bertan: parte-hartzaileei buruzko datuak, sailkapenak, albisteak, saioetako laburpenak…

www.bertsoa.com: Bertsolaritzaren interneteko telebista da, Bertsozale Elkarteak eta Librean kooperatibak elkarlanean egiten duten ataria. Txapelketa Nagusiak bere gunea izango du www.bertsoa.com-en barruan: saio guztietan bildutako hainbat bertsoaldi, zuzeneko emanaldiak, partehartzaileei egindako elkarrizketak, eta kulturgintzako eta adituen asteroko gogoetak eta iritzi artikuluak. Horrez gain, Bertsolari Txapelketa Nagusia sare sozialen bitartez ere segitzen ahalko da, facebook eta twitteren. Azken honetan #btn13 traola erabiliko da Txapelketaren berri emateko.

Saioz saio joango da argitzen, nor ariko den kantuan Maialen Lujanbiorekin batera, BECeko finalean. Bitartean, gozatu bertsozale!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun