N-121-A errepidean azken heriotza joan den asteartean gertatu zen. Saioa Telletxea Zubeldia, 23 urteko igantziarra hil zen, bere autoak kamioi baten kontra jo ondotik. Ortziralean, irailaren 20an, Baztan-Bidasoaldeko zenbait alkate, zinegotzi, gizarte eragile eta lagun bildu ziren Igantziko Herriko Etxean, errepide honek duen arriskuaz ohartarazi eta neurriak hartzea eskatuz.
Saioa Telletxearen senide eta lagunei doluminak adierazi ondotik, Nafarroako Gobernuari «hasi dadila urgentzia osoz dauzkagun puntu beltzetan neurriak hartzen» eskatu zioten eta Sustapen kontseilari «bertaratu dadila bilera bat egiteko eta horretara ekar ditzala konpromiso zehatzak». Modu berean, arriskuak ekiditeko garraio publikoa potenziatzea eskatu zioten Gobernuari eta «geroz eta handiagoa den ibilgailu astunen garraioak sortzen dituen arazoen aitzinean, produkzio eta kontsumo ereduaren aldaketaren alde egitea, honek beronek ekarriko baitu garraio sistema jasangarriago bat». N-121-A errepidea erabiltzen dugun herritarrei arretaz eta arduraz jokatzeko deia ere egin zuten.
Abiadura eta puntu beltzak
Errepideko istripu hauek hainbat faktorek eragin dituztela aipatu zuten bilkuran, baina abiadura eta puntu beltzak azpimarratu zituzten.
Abiadurari dagokionez, hilabete eskar batean egindako abiadura kontrolatzeko kanpaina batean 154 kamioi multatu zituztela gogorarazi zuten eta «gaur egun berdin jarraitzen du arazo honek».
Puntu beltzei dagokienez, «Sunbillako bi bidegurutzeak (2009an proiektua egina eta Nafarroako Gobernuak oraindik ez du ezer egin), Berako sarrera-irteerak, Berako zentralaren kurba eta toki berean dagoen Lesakako irteera, Lamiarri tunelaren ingurua, Montoiako kurba, Belatetik beheiti Almandozko parean…» aipatu zituzten.
Belateko tunelak ere lauetatik hirutan itxita egoten direla eta Beran hainbat egunez «gure buru gainean izugarrizko harri kozkorra zintziliko zegoela” gogoratu zuten.
Errepidearen egoerari dagokionean, istripu egunean berean, Nafarroako Gobernuak N-121-Ari errebisioa egin behar diotela aipatu zuen, alde batetik ezaugarri fisiko eta geometrikoak eta bertzetik zolaren irrisgarritasuna neurtzeko, batez ere euria egiten duen egunetan (istripu egunean bezala). «Irrisgarritasuna aipatzen dugula –adierazi zuten Igantzin–, zenbat kamioik egin dute tijera 2013an Belatetik Iruneko tarte honetan? Akaso N-121-A errepidean dagoen reak ez ditu betetzen behar bezalako parametroak? Irrisgarritasuarekin lotuta ere, hor daude gasolioarekin egiten diren orbanak, bai Montoiako kurban, bai Puntxaseko errotondan…».
2005ean 14 pertsona hil ziren N-121-A errepidean era 2006tik honat hainbat hildako izan direla aipatu zuten, Sunbillan, Mugairin, Donezteben, Lesakan, Beran eta azkena Irungo dermiotan, nahiz eta karretera Nafarroakoa izan 2024 urtera arte.