Larunbat honetan, irailak 14, Zazpi Herrialdeen Arteko Kirol Txapelketa jokatu da Baigorrin (Nafarroa Beherea). Zuberoaren faltan, sei herrialdetako kirolariak aritu ziren lehian eta Gipuzkoa nagusitu zen (56 puntu), Lapurdi (54 puntu) eta Nafarroaren aitzinetik (53 puntu).
Hamar kiroletan lehiatu ziren sei herrialdeetako kirolariak: sokatiran, txokor-biltzen, txinga-eramaten, zaku-eramate lasterketan, harri-jasotzen, ingude-jasotzen, lasto-jasotzen, orga jokoan, arpanean eta aizkoran.
Gipuzkoan bi kiroletan bakarrik nagusitu zen (lasto altxatzen eta txinga eramaten), baina gainerakoetan erregulartasun handia erakutsi zuen. Inoiz ez zen laugarren postua baino gibelerago sailkatu. Lapurdik ere proba bakarra irabazi zuen, orga jokoa, baina bortzetan bigarren izatea lortu zuen.
Nafarroa izan zen proba gehien irabazi zituen herrialdea. Koxkor biltzen irabazi zuen Fernando Etxegarai beratarraren bitartez, baita ingude altxatzea Josetxo Urrutia leitzarrarekin, zaku lasterketa Berriozarko taldearekin eta arpanean Barberena anaiekin, baina bertze probetan gorabehera handiak izan zituen. Aizkoran bigarren izan zen Jon Rekondo leitzarra, harrijasotzen hirugarren Unai Bertiz sunbildarra, orga jokoan ere hirugarren izan zen Xabier Urrutia arraioztarra (Nafarroako Herri Kirol Federazioko presidenteak parte hartu zuen, Nafarroako txapeldun den Joseba Petrirena beratarraren ordez), sokatiran laugarren Berriozar eta Amaiurko taldeek osatutako taldea, lasto altxatzen bosgarren Eneko Telletxea igantziarra eta txinga eramaten seigarren Igor Lasaga beratarra.
Azken sailkapena:
1. Gipuzkoa: 56 puntu
2. Lapurdi: 54 puntu
3. Nafarroa Garaia: 53 puntu
4. Bizkaia: 40 puntu
5. Araba: 31 puntu
6. Nafarroa Beherea: 28 puntu