Laxoa Elkarteak Donostiako Berrehungarren Urteurrena 1813-2013 antolatu diren ekitaldietan parte hartu du. Larunbatean, Udaletxeko Alderdi Eder plazan bote luzeko partida jokatu zuten Oiartzungo pilotarien kontra eta Trinitate Plazako frontoian Laxoa Elkarteko lau pilotarik paxaka partida bat jokatu zuten. Igandean, Alderdi Eder plazan Baztan eta Malderrekako bi taldek (herri bakoitzako bi pilotari joan ziren) laxoa partida jokatu zuten.
Arraiozek eta Doneztebe Bk jokatuko dute gazteen finala
Bertze aldetik, gazteen laxoa txapelketa azken txanpan sartua da. Zortzigarren eta bederatzigarren jardunaldiko partidak jokatu dira egunotan eta ligaxka akitzeko irailaren 18an, asteazkenean jokatuko den hamargarren jardunaldia bakarrik falta da jokatzeko. Halere, jardunaldi horren faltan ere, jakina da zein izanen diren finala jokatuko duten bi taldeak: Arraioz eta Doneztebe B.
Irailaren 11n jokatu ziren zortzigarren jardunaldiko partidetan Doneztebe Bk 7-5 irabazi zion Arraioz-i (arraioztarrek ligaxka osoan galdu duten partida bakarra) eta Iruritak 2 eta 7 galdu zuen Oizen kontra.
Irailaren 14an jokatu zen bederatzigarren jardunaldian, Doneztebe Bk 7-0 irabazi zion Doneztebe Ari eta Arraiozek 7-6 Iruritari.
Ligaxkako sailkapenean Arraioz izanen da lehenbizi, zortzi partidetatik 7 irabazita. Doneztebe B bigarren izanen da, partida baten faltan 5 irabaziak baititu eta Oizek, honek ere baten faltan, 3 irabaziak dituelako. Doneztebe Ak 2 eta Iruritak bakarra irabazi dute. Hortaz, finalean bi lehenbiziko sailkatuak, Arraioz eta Doneztebe B izanen dira.
Irailaren 18ko jardunaldia
Hamargarren jardunaldia irailaren 18an, asteazkenean jokatu zen. Oiz Doneztebe Aren kontra ariko da eta Doneztebe B Iruritaren kontra. Arraiozek atsedena izanen du.
Horren ondotik, irailaren 28an jokatuko dute Arraiozek eta Doneztebe Bk finala Doneztebeko Bear-Zana pilota plazan, 11:30ean.