Zazpi Herrialdeen Arteko Kirol Txapelketa jokatuko da larunbatean Baigorrin

Ttipi-Ttapa 2013ko irailaren 13a

Amaiurtarrek Nafarroa ordezkatuko dute sokatiran, Berriozarkoekin batera.

Ikuskizuna 16:00etan hasiko da Baigorriko plazan

Nafarroako taldea ordezkatuko duten kirolarien artean, batzuk eskualdekoak izanen dira: Amaiurko sokatira taldekoak, Fernando Etxegarai beratarra txokor biltzen, ingude altxatzen Josetxo Urrutia leitzarra, Eneko Telletxea igantziarra lasto altxatzen, Unai Bertiz sunbildarra harri-jasotzen, Igor Lasaga beratarra txingekin eta Jon Rekondo leitzarra aizkoran.

Larunbat honetan, irailak 14, Zazpi Herrialdeen Arteko Kirol Txapelketa jokatuko da Baigorrin (Nafarroa Beherea). Herri kiroletan urtero jokatzen den txapelketarik haundiena da Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketa. Zuberoan izan zuen hastapena, 1987an, eta geroztik, soilik urte batez egin du huts. Abere eta giza probak, sega, lasto-jaurtitzea, harri-zulatzea eta lur gaineko sokatira salbu, gainerako herri kirol guztiak izan ohi dira ikusgai txapelketa horretan. Zazpi herrialdeetako 150 kirolari aritzen dira eta ariko dira lehian, hamar kiroletan.

Urtero herrialde batean jokatu ohi da txapelketa eta batzordeak hartzen du antolakuntzaren ardura, eta aurten, gure eskualdetik hurbil, Baigorrin, jokatuko da. Hamar kiroletan lehiatuko dira zazpi herrialdeetako kirolariak: sokatiran, txokor-biltzen, txinga-eramaten, zaku-eramate lasterketan, harri-jasotzen, ingude-jasotzen, lasto-jasotzen, orga jokoan, arpanean eta aizkoran. Aurten ere Zuberoak ez du talderik aterako.

Nafarroako ordezkaritza

Nafarroatik joanen diren kirolariak hauek izanen dira: sokatiran Amaiur eta Berriozarko  tiralariak, txokor biltzen Fernando Etxegarai (Bera), ingude altxatzen Josetxo Urrutia (Leitza), lasto altxatzen Eneko Telletxea (Igantzi), harri-jasotzen Unai Bertiz (Sunbilla), txingekin Igor Lasaga (Bera), zaku lasterketan Karlos Santamaria, Oskar Aguas eta Oier Aizkorbe (Berriozar), arpanean Josetxo eta Iñaki Barberena (Iraizotz) eta aizkoran Jon Rekondo (Leitza). Orga jokoan nor ariko den ez dute zehaztu Nafarroako Herri Kirol Federaziotik.

Ikuskizuna 16:00etan hasiko da Baigorriko plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun