Javier Urrizak bigarren urtez segidan irabazi du buruz buruko erremonte txapelketa nagusia. Irailaren 7ko final gogorrean, 30-24 irabazi zion Julen San Miguel doneztebarrari. Bi finalistek xingola beltza eraman zuten, Aritz Juanenearen aitaren heriotzagatik dolumina erakutsiz. Galarretako harmailak jendez gainezka ageri ziren.
Partida gogorra jokatu zuten bi erremontelariek. San Miguel 2-7 aitzinetik paratu zen, baina zazpina berdintzea lortu zuen. Berdinketa batzuen ondotik, 19-12 aitzindu zen Iruñekoa eta aldetxo horri eusten joan zen, lana gogotik eginez.
San Miguelek 16 tantu egin zituen piloteoan, baina 6 huts ere egin zituen. Sakez 3 tantu lortu zituen. Urrizak, berriz, 17 tantu egin zituen piloteoan, baina huts bakarra. Sakez 7 tantu egin zituen, baina baita lau falta ere.
Urrizak onartu zuen aunitz sufritu zuela, «ez naiz ongi hasi eta abantaila hartu dudanean ere ez dut gozatu. Erritmoa hartzea kosta egin zait eta ez naiz eroso ibili kantxan. Defentsak salbatu nau, erasoan ez baitut asmatu». Txapela familiakoei eskaintzeaz gain, oroitzapen berezia izan zuen Juanenearentzat, «gaizki pasatzen ariko delako».
Julen San Miguelek berriz, sakearekin ez zuela asmatu aipatu zuen, «baina piloteoan ongi jokatu dudala uste dut eta gustura ibili naiz. Urrizak aunitz jotzen dio pilotari eta ongi defendatzen du eta berari irabaztea arras zaila da. Finala galdu arren, txapelketa ona jokatu dut eta gustura ibili naiz».
Abuztuaren 7ko emaitzak Galarretan
1. Segurola-Saldias, 25; Matxin VI-Aizpuru III, 35
2. Urriza, 30; San Miguel, 24 Kutxa Txapelketako finala
3. Ezkurra-Agirrezabala, 35; Juaristi-Barrenetxea IV, 40
4. Etxabe II-Labaka, 28; Ezkurra II-Zubiri 30