Baztan-Errekako 34. Laxoa Txapelketaren finala jokatu zen abuztuaren 3an Donezteben eta etxeko taldea izan zen garaile, 9 eta 5 irabazi baitzion Arraiozko taldeari. Gisa honetara, hemezortzigarren txapela lortu zuen Doneztebek, nahiz eta azkenekoa 2008an eskuratua zuen.
Doneztebe A taldean, Pascual Bertiz sakalaria, Koldo Legarra numeroa eta Javier Bertiz eta Jokin Arraztoa laurdenak aritu ziren. Arraiozko taldean, berriz, Iñaki Mihura sakalaria, Jon Gamio numeroa, eta Ketxus Laurnagarai eta Asier Zubikarai laurdenak aritu ziren.
Partida hasiera berdindua joan zen, baina azkenean Doneztebe nagusitu zen. Juan Mari Artazkoz doneztebarra, Txuma Prim iruritararra eta Miguel Maritorena arraioztarra izan ziren epaile eta Doneztebeko Juan Telletxea aritu zen marrak zaintzen.
3. ETA 4. POSTUAK
Hirugarren posturako norgehiagokan Oizek 9 eta 7 irabazi zion Arraioz Bri. Oizekin Iker Bereau, Lander Mendiola, Iñaki Mendiola eta Ugutz Zelaieta aritu ziren eta Arraioz Brekin Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Aritz Alunda eta Miguel Maritorena.
Doneztebeko Oskar Mindegia eta Jose Luis Legarra zinegotziek jantzi zizkieten txapelak txapeldunei eta Arraiozkoek Nafarroako Pilota Federazioko Ramon Iriarte presidentearen eskutik hartu zituzten sariak. Hirugarren saria, Doneztebeko La Caixako Ana Juanenak eman zien Oizko jokalariei eta laugarrena Pilotarien Batzarrako Josean Arroiok Arraioz Bkoei.
Pilotari onenari Mikel Eizagirre zaleak eskaintzen duen saria Doneztebeko Pascual Bertiz sakatzailearentzat izan zen. Jose Luis Arozena guantegileak guante bat eman zien txapeldunei eta bertze bat zozketatu. Hau Xabier Maritorenari tokatu zitzaion.