21 urteko ibilbide oparoaren ondotik bere azken partida jokatu zuen abuztuaren 10ean Galarretan Iñaki Martinez Lizasok (Doneztebe, 1973). Izerdi eta malko artean adio erran zien zaleei. Izerdia, kantxa gainean despeditu zelako. Urrizarekin batera 35-40 galdu zuen Koteto Ezkurra eta Joxe Etxeberria herritarren kontra. Malkoek bere esker oneko hitzak itzali zituzten. Esker ona erremonte zaleei, enpresetako kudeatzaileei, urteetan arerio eta lagun izan dituen erremontelariei…
Izerdia eta malkoak ez ezik, odola ere izan da Lizasoren erremonteko ibilbidean. Lesioek ez diote bere onena ematen utzi, 1992ko azaroaren 27an debutatu zuenetik. «Erremonteak aunitz eman dit, bai pertsonalki, bai kirol arloan, baita lan arloan ere. Bizitza erdia baino gehiago eman dut frontoian eta lesio aunitz izan ditut, momentu txarrak izan dira, baina nere barnean bazen zerbait hori gainditzera lagundu nauena, familiaren laguntzarekin… Lesio larriak izan dira, bi belaunetatik operatu ninduten, pubis-osteopatiaren ondorioz urtebete egon nintzen aritu gabe eta duela lau urte sorbaldako tendoia hautsi nuen, guretako garrantzitsuena dena, eta denetatik aitzinera atera naiz, eta hor goitian mantendu naiz. Horri esker indartsuagoa egin naiz», aipatu digu. «Ondorio baikorragoak atera ditut egoera txarrean egon naizenean garaipenetatik baino».
Minak min, 2000ko buruz buruko txapela janztea lortu zuen, bere lorpenik handiena. Bertze lau urtetan azpitxapeldun izan zen bakarka eta binaka ere lortua du txapela, bertze hainbat torneo bezalaxe. Lizasok dioenez, «ni ez naiz txapel aunitzeko pilotaria izan. Kotetoren garaikidea izateak badu horretan zerikusia, noski, baina nahiago dut hainbertze ez irabazi eta jokoan ailegatu naizen mailara ailegatu. Eta hori ere, neurri handi batean, Kotetori zor diot. Ezkurrak bertze baliabide batzuk bilatzera behartu ninduen, atzelariaren joku tradizionalak ez baitzion minik egiten eta gauza berriak bilatu behar izan nituen. Horri esker aunitz hobetu eta eboluzionatu nuen pilotari moduan eta lehenago ikusi ez ziren gauzak egin nituen». Halere, hasieran baziren zaleak harmailetatik “hori ez zela erremontea” ziotenak. Urte aunitz eman ditu atzelarien artean onena izaten eta horrekin gelditzen da Lizaso. Urte horietan, «hasieran Eizagirre zen atzelari onena, superklase bat, eta hura gainditu behar izan nuen, gero etorri ziren Urrutia eta gaur egun San Miguel da onena, eta Etxeberria III ere, gure kintakoa izanik, azken urteetan salto haundia eman du eta onenen pare jarri da».
OINARRI SENDOAK
Krisiaren ondorioz, erremontea bere onenean ez badago ere, «oinarri sendoak» dituela uste du Lizasok: «Nahiz eta diru aunitzik ez ikusi eta bertze lanbideekin bateratu behar, erremontelari gazteek ilusio handia dute, erremontezaleak oso fidelak dira eta gaur egun enpresaren kudeatzaileak arras onak dira, bere garaian erremontelariak izandakoak eta zainetan dute kirol hau. Oinarri horiekin aitzinera aterako da erremontea».
URTEEN ESKARMENTUA
«Duela bortz-sei urte ohartu nintzen bazirela bizitzan norbere egoa baino gauza garrantzitsuagoak. Dirua eta txapelak irabazten dituzunean, egoak ez dizu disfrutatzen uzten eta gehiago nahi duzu. Galtzen duzunean berriz, bertzea hobea izan dela pentsatu eta onartu beharrean, porrota handitzen duzu zure buruan eta barnetik jaten zaitu. Horretaz jabetu naizenean, pisu haundi bat kendu dut gainetik».
Azken belaunaldiko erremontelarien artean, «Juanenea da proiekziorik handiena duena, potentzia handikoa da, gogoak eta ilusio handia ditu… Baina badira pilotari gehiago ere arras politak. Denek bezala entrenatu beharko dute, lan egin, ordu aunitz sartu frontoian, erremontea ikusi, baina landuz gero goiti eginen dute, ez da bertzerik».
Lizasok berak ere belaunaldi gazteei dakiena erakusteko gonbitea ere jaso du enpresaren eskutik. Familian hirugarren belaunaldia beteko duen ostatua eramateak nahikoa lan emanen diola jakin arren, «erremonteari esku bat bota eta egun batean atzelariei aholkuak eman eta dakidana erakusterik baldin badut, ni pozik, zer guttiago!».
Kike Elizalde, enpresako intendenteak agurrean erran zuenez, «Lizaso iraultzailea izan da, pilotari bakarra eta ezberdina».